Maialen Martinez de Zuazo: "Mexiko sekulako esperientzia izan da... kultura eta bizimodua oso ezberdinak dira"

Peru Arregi 2012ko abe. 3a, 11:00

Maialen Martinez de Zuazok (Oñati, 1988) Arrasateko Mondragon Eskola Politeknikoan egin ditu Antolakuntza Ingeniaritza ikasketak, eta orain, Australiara doa goi mailako ikasketen azken proiektua egitera.

Mexikon egon zara urtebetez. Zer moduzko esperientzia izan da? Berezia?

Niretzat Mexiko sekulako esperientzia izan da. Alde batetik, Arrasaten ikasi dut nik, eta, Oñatikoa naizenez, alde batetik bestera ibiltzen nintzen egunero. Mexikora joan nintzenean, ordea, guztiz independente nintzen, lagunekin nengoen etxebizitza batean... beste gauza bat da.

Bestalde, bertako kultura eta bizimodua oso ezberdinak dira. Mexikarrak, arlo batzuetan, oso mentalitate itxikoak dira. Ikasketei dagokienez ere, sistema ezberdina da; irakasleak norberaren gainean daude beti, eta lan-karga handiagoa da. Horrez gainera, bertako maila sozialen arteko ezberdintasuna oso nabaria da, arreta eman zidan. Maila ertaina, nolabait esateko, ez da ia existitzen, edo behartsuak edo oso aberatsak ikusten dira.

Leku asko ezagutzeko aukera ere izan dut. Bat esan beharko banu, Mexikoko hego ekialdean egin genuen hilabeteko bidaiarekin geratuko nintzateke.

Eta orain Australiara zoaz... Irudikatzen al zenuen halakorik duela sei urte?

Egia esan, ez, 18 urterekin ez nuen horrelakorik imajinatzen. Australia beste puntan dago; beraz, ez zitzaidan errealista irudituko. Gainera, ez nuen halako seriotasunarekin hartzen, ez zen nire planen barruan sartzen. Agian, etorkizunean hara bidaiatzea posible ikusiko nuke, baina ez horren laster.

Orain gustura zaude egindako aukerarekin? Atzera begiratuta, zer edo zer aldatuko zenuke?

Ez nuke ezer aldatuko. Noski, egia da 18 urterekin ez neukala garbi ikasi nahi nuena. Beti gustatu izan zaizkit zientzia arloko ikasgaiak, eta matematikaren eta ingeniaritzaren arteko zalantza izan nuen azkenera arte. Baina orain hemen nagoela, ez nuke ezer aldatuko, bizi ditudan esperientzia asko galdu egingo nituzke. Gauza bat aldatzekotan, agian, lehenago joango nintzen etxetik ikasle-etxebizitza batean bizi izatera.

Eguneroko zaila daukazu? Lanik egiten duzu?

Egia esan, ez. Maiatzean itzuli nintzen Mexikotik eta uztailean udalekuetan egin nuen lan. Ondoren proiektu laburra bukatzen ibili nintzen, irailean aurkeztu nuen, eta orain Australiara joateko eskaintza atera zait. Hori  dela eta, ez naiz, ingeniaritzatik kanpo behintzat, askorik mugitu. Pentsatu dut eskola partikularrak-edo ematea, baina, egia esan, horren denbora laburrerako ez zuen merezi.

Oñatiko Film Laburren Rallyan hartu duzu parte. Zelako esperientzia izan da? Zinema gustuko duzu?

Bai, denbora librea daukadanean, zinemara joateko ohitura daukat, edo etxean pelikulak ikusteko. Lehiaketan parte hartzera animatu nintzen lagunekin, eta esperientzia polita izan zen. Kamera-lanak denon artean egin genituen, laburrerako ideiak ere banatu egin genituen, baina nik batik bat bideoa muntatzen bete nuen nire rola. Baina, azken batean, egun ezberdin eta entretenigarria igarotzeko aitzakia izan zen.

Eskubaloian ere ibiltzen zara. Oraindik jarraitzen al duzu?

Bai, eskubaloian jokatzen dut txikitatik, eta asko gustatzen zait. Oraindik ere jarraitzen dut, baina aurten ez dut jokatuko, Australiara noa-eta. Baina bai, jarraitzeko asmoa daukat.

Zeintzuk dira etorkizunerako erronkak? 

Epe motzera, Australiara joan eta bertan egin behar dudan proiektua aurrera atera. Bertako taldean behar bezala integratzea espero dut, ingeniaritza arloan gehiago ikastea, nire ingelesa hobetzea... Noski, horretaz gutiaz gainera, bertako lekuak bisitatzeko irrikan nago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak