Etxegabetzeen aurkako aldarria egin zuten Oñatin

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko abenduaren 2a

Oñatiko Bildu Udal taldeak deituta elkarretaratzea egin zuten zapatu eguerdian etxegabetzeen aurka. Etxebizitza eskubidearen alde. Etxegabetzerik ez leloarekin herritar talde bat eta hainbat zinegotzi izan ziren plazan. Mikel Biain alkateak azaldu zuen Udal Gobernuak finantza instituzioekin duen harremana berraztertuko duela.

Salaketa eta neurriak

Egoera salatzeaz gain, Oñatiko udal taldea etxegabetzeen aurkako plataformarekin eta Fiare banku etikoarekin harremanetan jarri da elkarlanean jardun eta protokolo bat eratzeko. Horren harira, alkateak dio Udalak ez duela gai horretan eskumen berezirik: "Eskumen berezirik izan ez arren, konpromiso batzuk hartu ditugu, mozioan jaso ditugunak". Gainera, Udalak finantza instituzioekin duen harremanean ere eragina izan dezakete konpromiso horiek: "Finantza instituzio horiek ze jarrera duten ikusiko dugu eta horren arabera eurekiko harremana berraztertuko dugu", azaldu zuen Biainek.

Gizarte zerbitzuetako bulegoarekin elkarlanean azterketa bat egiten dabiltza Oñatin. "Orain arte egon izan da kaleratze kasuren bat, baina ez da ezagutu", dio alkateak. Egoera larrian daudenak gizarte zerbitzuetara jo dezatela gaineratu du, han "kasu larrietarako laguntzak" baitaude.

Merkatuaren logika

Azkenik, kritikatu zuen etxe kaleratzeak merkatu logika batetik egin direla eta merkatu logika hori banku eredu jakin baten ondorioa dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak