Atzoko kanporaketarako ikusmin handia zegoen Arranon hasieratik. Saioa elkartean izan zen, baina tabernako telebistan ere jarraitzeko aukera izan zuten bertaratu ziren 120 bat lagunek.
Joseba Lasagabaster, Andoni Goitia, Iñaki Igartua, Iñaki Olalde, Beñat Alberdi eta Jon Irizar igo ziren oholtza gainera, eta Oneka Anduaga aritu zen gai-jartzaile.
Agurretan denetarik entzun ahal izan zen, finaleko txartel bila batzuk, saioan gozatzera beste batzuk.
Ariketa puntuagarrietan lehena zortziko nagusikoa izan zen eta hor Joseba Lasagabasterrek eta Andoni Goitiak osatu zuten lanik borobilena. Ondoren, zortziko txikiko moldean kantatu behar zutenean Iñaki Olalderen eta Beñat Alberdiren lanak altxa zuen umore puntua. Lau oinak emandako ariketan, berriz, Andoni Goitiaren, Iñaki Olalderen eta Iñaki Igartuaren bertsoek jaso zuten publikoaren txalo gehien.
Kartzelakoan, denbora gelditzeko aukera
Kartzelako lanean puntu bati erantzun eta gai bati bertso bat osatzea zen egin beharreko lana. Puntuen erantzunetan aipagarri, Jon Irizar eta Joseba Lasagabasterren bertsoak Gelditu izan ahal/bazendu denbora puntuari erantzunez. Gaiari bota beharreko bertso bakarrean berriz, Joseba Lasagabasterrek eta Andoni Goitiak kantatu zituzten kartzelako laneko, eta beharbada saio guztiko bertsorik borobilenak.
Azken agurrek denbora eman zieten epaimahikoei batuketak egiteko eta batuketa horren emaitzak argi utzi zuen saioko puntuazio altuena lortu zuen bertsolaria eta ondorioz finalerako txartel zuzena eskuratzen zuena Joseba Lasagabaster izango zela.
Saioko puntuazioak:
- Joseba Lasagabaster: 194
- Andoni Goitia: 188
- Iñaki Olalde: 184
- Beñat Alberdi: 171
- Jon Irizar: 159
- Iñaki Igartua: 157.5
Sailkatu diren sei bertsolariak:
Honenbestez, gaztetxean jokatu zen lehen kanporaketa eta Arranoko bigarrena kontuan hartuta, finalean kantatzeko txartela eskuratu duten bertsolarien zerrenda honako hau da:
- Joseba Lasagabaster
- Josu Igartua
- Andoni Goitia
- Maider Arregi
- Iñaki Olalde
- Joseba Igartua
Finala abenduaren 15ean
Finala Abenduak 15ean izango da eta bertso eskolak egun osorako egitaraua prestatu du bertso giroan eguna pasa nahi duenarentzat: 12:00etan, bertso poteoa izango da finaletik kanpo geratu diren bertsolariekin. Ondoren bazkaria izango da Gaztelekuan, eta 18:00tan, finalari hasiera emango zaio gaztelekuan bertan. Bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude Ona eta Arrano tabernetan.