"Gazta, artzaintzak duen protagonismoaz lotu nahi izan dugu. Euskal Herrian gazta aniztasun handia dago eta ikastaroaren bitartez hori erakutsi nahi izan dugu", azaldu digu Miren Elgarresta parketxeko teknikariak. Gustura azaldu da ikastaroak izan duen harreragatik. "Mahia osoa bete da. Etorri direnak gaztaren munduarekin lotura eta harreman berezia dute". Hala, Pello Zabala frantziskotarra, Nikolas Segurola Gomiztegiko artzain eskolako arduraduna edota Arantzazuko artzainak ikusi genituen gaztak probatzen.
Askotarikoak mahai gainean
Teknika ezberdinak erabiliz egindako gaztak ikusi genituen mahaiaren bueltan. Denak Euskal Herrian egindakoak. Eta nola ez, ardi, behi eta ahuntzaren esneaz egindakoak ziren gainera.
Baina, esan behar da, protagonismo nagusia, Idiazabalek hartu zuela, zalantza gabe.
Gazta dastaketa aditu batekin
Ramon Lizeaga Gomiztegiko artzain eskolako ikaslea izandakoa da. Ondo baino hobeto daki artzaintzaren eta gaztaren sekretuak. Orain, gaztaren inguruan dihardu buru-belarri. Artzain moduan pare bat urte egin zituen; ondoren gazta ikertzen hasi zen eta garai batean hemen gazta nola egiten zen ikertzen jardun du. 10 urteren ostean, baina, gaztagile aditua da Ramon Lizeaga.