Gaztetxearen inaugurazioa logotipo berriarekin

Mireia Bikuña 2012ko azaroaren 30a

Antixena gaztetxea abenduaren 22an inauguratuko dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute. Era berean, inaugurazioa egingo dute gaztetxearen lelo berriarekin. Ane Agirrek egindakoa aukeratu dute jasotako proposamenen artean. 

Osasunarekin urratu! izena ipini diote gaztetxearen inaugurazio egunari. Sukaldean oinarritutako kartela egin dute, eta han ikus daitezke egun horretarako ekitaldiak. Guztiak, Antixenan bertan egingo dituzte.

Eguna batukada-poteoarekin hasiko dute 12:00etan. Poteoan barazki erraldoien laguntza izango dute gazteek. 14:00etan, gaztetxeko sukaldariek inaugurazio pregoia egingo dute, eta jarraian, bazkari "koloretsua" egingo dute gaztetxean bertan. Probatzeko askotariko jakiak egongo dira. Bazkarirako txartelak salgai egongo dira Arrano, Ona eta Boga tabernatan, abenduaren 20ra arte. Txartelekin jasotako dirua euskal preso politikoendako izango da.

Bazkal ondoko tertuliaren ondoren, gaztetxelandia egingo dute: musika, jokoak, tailerrak, sorpresak... Inaugurazio bukatzeko rock kontzertua egingo dute 22:00etan. Oraindik ez dituzte taldeak zehaztu. 

Logotipo lehiaketa

Gaztetxearendako leloa, ikurra, topatzeko deialdira 23 lan aurkeztu zituzten. Bozketa egin ondoren, bi proposamenen artean berdinketa zegoela ikusi zuten. Biak ala biak, egile berarenak ziren: Ane Agirrerenak, bat koloretako irudia zen eta bestea txuri-beltzean egindakoa. Bien artean, txuri-beltzekoa aukeratu zuten. Irudiarekin batera Antixenako gaztetxia, Oñati testua dauka.

Lelo hori gaztetxean bertan eta hainbat gauzatan ipiniko dute: kamisetatan, izerdi-jertseetan, metxeroetan, karteletan, idazkietan, egitarauetan... Gaztetxearen ikurra izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak