Ander Gartzia: "Zubikoako zaleekin zorra nuen: taldea sailkapenaren goialdean ikustea merezi dute"

Mireia Bikuña 2012ko azaroaren 27a

Ander Gartzia (Bergara, 1989) Natra Oñati taldeko jokalaria da. Zornotzaren kontrako partiduan min hartu zuen sudurrean, baina zapatuan jokatzeko aukera izan zuen. Talde oñatiarrak kantxan duen erreferente nagusiena da, eta baita bazkide kanpainako bideoko protagonista ere.

Liga ondo baino hobeto hasi duzue, zapatuan galdu arren.

Ez genuen halako hasiera gozorik espero, kontuan hartuta Santurtziren eta Zornotzaren kantxatan jokatu behar genuela. Bi garaipen horiek taldearen izaera indartu  dute,eta orain, badakigu, edozein talde menderatu dezakegula. 

Dena den, zapatuan, Burgosen kontra ez genuen asmatu. Jaurtiketa asko huts egin, baloiak galdu eta defentsan motel ibili ginen.

Talde sendo dago orduan.

Egunetik egunera hobetzen. Entrenamendu saio onak egiten ditugu, eta entrenatzailea oso ondo moldatu da taldera, edo gu oso ondo moldatu gara bere esanetara. Taldea ondo kontrolatzen eta babesten du, eta jokalari bakoitzaren papera ondo definitu du Blancok.

Nolako giroa duzue aldagelan?

Ona. Liga hasiera onak eragina dauka, duda barik. Iaz giro ona zegoen, baina emaitzek asko markatu zuten. Aurten lasaiago gaude, eta bide on honetatik jarraitzeko asmorekin. Dena den, badakigu, egunen baten lehen partidua galduko dugula, eta horretarako prest egon behar dugu.

Bigarren urtez diharduzu Natra Oñatirekin.

Maila galdu genuenean, denboraldi berrirako aukeren bila hasi nintzen. Proposamen batzuk banituen, baina Asier De la Iglesiak deitu zidan saskibaloi sailak EBAko plaza bat erosiko zuela esanez. Ez nuen bitan pentsatu. Iaz, Oñatira heldu nintzenerako taldea zuloan zegoen, baina talde eta zalego polita topatu nituen. Azken lekuan egon, eta Zubikoako kantxan 500 lagun elkartzen zirela ikusteak ez dauka preziorik. Maila galtzeak min egin zidan. Zaleekin zor bat nuen eta hori ordaintzeko asmoz etorri naiz. Zaleek sailkapenaren lehenengo lekuetan ikusi behar gaituzte.

Momentuz hala da, liderrak zarete. Helburua oraindik ere maila mantentzea da?

Bai. Iazko denboraldian taldeak sufritu zuena ikusita, hori izan da, eta hori da dugun helburua: maila mantentzea. Egia da, emaitzek bakoitza bere lekuan ipintzen dutela, eta gu lehenengoan gaude orain. Baina, partidu asko falta dira eta egoera asko alda daiteke. Akaso, aurrerago, helburuak aldatu beharko ditugu, baina oraingoz, ez.

Bost partidu bakarrik jokatuta goragoko mailetara begira ipintzea arduragabekeria litzateke. Lanean jarraitu behar dugu.

Taldeak hainbat fitxaketa egin ditu, eta kanpotik begiratuta, iazkoa baino indartsuagoa dela ematen du. Barrutik nola ikusten duzu zuk?

Iazko zailtasunetatik ihes egiteko hiru fitxaketa on egin ditu taldeak, eta hori nabari da kantxan. Taula azpian indartsuagoak gara, jaurtitzaile onak ditugu, eta barruko eta kanpoko jokoa ondo menderatzen ditugu. Nik esango nuke iaz baino errekurtso gehiago ditugula, bai erasoan eta baita defentsan ere.

Eta zuk, nola ikusten duzu zure burua?

Udan lan handia egin dut, bai fisikoki eta baita baloiarekin ere. Ondo nago, gustura. Entrenatzaileak ardura batzuk eman dizkit kantxan, eta horiek betetzen saiatzen naiz. Pisua daukat taldean eta horrek poztu egiten nau. Dena den, ez naiz ni bakarrik. Garrantzitsuena  talde lana da, eta astez aste, ondo jokatu eta garaipenak lortzea.

Zubikoara hurbiltzen diren zaleei buruz zer esan dezakezu?

Ikaragarria da. Oñatiko zaleek duten jarrera txalogarria da. Sailkapeneko azken lekuan geundenean harmailak bete egiten ziren. Beste kantxa batzuk ez dira betetzen.

Zaleen berotasuna eta animuak kantxan nabaritzen dituzue?

Bai, eta asko eskertzen ditugu. Une jakin batzuetan, markagailuari buelta ematerako orduan edo epaileen erabakiekin ados ez daudenean, euren oihuak, txistuak eta txaloak guregana heltzen dira.

Natra Oñati taldearen erreferenteetako bat izateaz gain, bazkide kanpainako aurpegia zara. Kirolari eta aktore?

Kirolari bai, aktore ez horrenbeste [barreak]. Egia esan, bideoa grabatzeko proposamena egin zidatenean ez nuen bitan pentsatu. Bideoaren eta kanpainaren nondik norakoak azaldu zizkidatenean harrituta geratu nintzen. Ideia oso ona zen: saskibaloia eta txokolatea eskutik saldu behar genituen, eta bideo polita irten  zitzaigun. Batez ere, profesionalak diren lagunak ibili zirelako antolatzen, argazkiak egiten eta grabatzen. Oso ondo pasa genuen, eta emaitza agerikoa da.

Oraingoz urtebeterako konpromisoa daukazu taldearekin.

Bai. Liga bukatzen denean ikusiko dugu non gauden, eta etorkizunari begira ze aukera dauden. Babesleak zer esan handia dauka taldearen etorkizunean.

Orain EBA mailan diharduzu, baina ACB gertutik ezagutu duzu. Baskoniarekin entrenatzen eta jokatzen ikusi zaitugu. Nola bizi duzu gasteiztarren egungo egoera?

Pena handiarekin. Lagun asko ditut han eta egun bizi dutena latza da: txarto ligan eta Europan Dusko Ivanovic bota dute eta hori oso gogorra da jokalariendako. Dena den, taldeak bidea zuzenduko duela ez daukat zalantzarik. Aldika Buesa Arenara joaten naiz Baskonia ikustera, eta taldeak betidanik izan duen jarrera ikusita, egoerari buelta emango dio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak