Pozik daude Oñatiko Ganbara Abesbatzako lagunak. Asturias aldetik bi sari ekarri dituzte asteburu honetan: Aviles Hiria topaketako 1.go saria eskuratu dute, eta Josu Elberdinen Segalariak kantuarekin, jatorrizko herrialdeko kantu baten interpretazioagatik sari berezia eman diote taldeari.
Segalariak kantuaz gainera, Tomas Luis de Victoriaren Lauda Sion Salvatorem, Vytautas Miskindisen Gloria, Albert Alcatraz konpositorearen Fariñona y Marañueles eta Pedro Brañaren Avilés Romántico ere interpretatu dituzte Avilesen.
Oso pozik eginiko lanaz
Nazioarteko txapelketa honetan, maila bikaina erakutsi dute Oñatiko taldekoek eta oso pozik daudela adierazi digute: "Oso gustura geratu gara egindako lanaz. Primeran abestu dugu".
Ez da sariketa arrotza oñatiarrentzat. Laugarren aldiz aritu baitira bertan. Hala adierazi digu Miren Arregi kideak: "Oso lehiaketa polita da, eta gainera, etorri garen guztietan, oso ondo tratatu gaituzte".