Josu Zubia: "Lehiaketetako jarduna ixten du sari honekin"

Mireia Bikuña 2012ko azaroaren 23a

Josu Zubiak (Oñatin, 1994) hirugarren saria lortu zuen aurreko aste bukaeran ospatutako Gipuzkoako Kantu Txapelketan. "Pozik" dago bere sariarekin, baina ez dator bat epaimahaiak hartutako beste erabaki batzuekin: "Nik beste ikuspuntu batzuk baloratuko nituzke".

Zorionak lortutako sariarengatik. Gustura zaude?

Eskerrikasko. Gustura nago, ez nuelako halakorik espero. Aurten guztiok lehiatu gara elkarrekin: taldeak, bikoteak eta bakarlariak. Hori horrela, hiru sari bakarrik banatu dituzte, eta horietako bat niretako izan da. Alde horretatik, pozik nago.

Bakarlari moduan eta zuk sortutako kantu batekin. Apustu eta arrisku handia hartu duzu.

Bai, hala da. Bakarlaria izanik, gitarraren laguntza besterik ez daukat, eta horrek alde onak eta txarrak ditu. Oholtzara taldeka igotzen bazara, errekurtso batzuekin (perkusioa, pianoa...) kantu politak egin daitezke, baina gitarra batekin bakarrik zailagoa da. Gainera, neronek idatzitako kantu batekin aurkeztu nintzen: Ilargi betea, eta hori ere erronka handia da; besteak beste, kantua ez delako ezaguna.

Lehiaketa honen helburu nagusia sormena, sorkuntza sustatzea da. Alde horretatik, nik idatzitako kantu batekin aurkezteak on egin didala uste dut.

Zer kontatzen duzu Ilargi betea kantuan.

Desamodiotik amodiorako bidea kontatzen duen abestia da. Pertsona baten ondoan ilargi bete bat pasatzen duen pertsonaren istorioa kontatzen dut. Kantuaren bukaeran diodan moduan: "Berriro dator, eta eskerrak, berriro, ilargi betea".

Dena den, norberak irudikatu dezake kantuarekin kontatu gura dudana.

Iaz nahiko kritikoa izan zinen Gipuzkoako Kantu Txapelketako epaimahaiak hartutako erabakiarekin. Aurten, konforme geratu zara?

Ez. Nere sariarekin konforme nago, baina sari barik geratu diren talde eta bikoteak daudela uste dut. Saritutakoek lan ona egin zuten, duda barik. Baina, ni epaimahaikide izango banintz, beste aspektu batzuk baloratuko nituzke, eta nire saridunak beste batzuk izango ziren.

Hirugarren aldiz parte hartu duzu, eta hirugarrenean saria. Berriro parte hartuko duzu?

Ez. Sariaren arantza nuen, eta hirugarrenarekin atera dut. Sari honekin lehiaketetako jarduna bukatutzat ematen dut.

Orduan, ze proiektu dituzu esku artean?

Hurrengo urtera begira maketa bat grabatu nahiko nuke. Kantu dezente idatzi ditut, eta horiek ez galtzeko, grabaketa egin nahiko nuke.

Bestalde, kantu txapelketatan ezagutu ditudan musikari batzuekin kantaldi batzuk egin gura nituzke, gure sormen lanak ezagutzera emateko.

Magia trukuekin jarraitzeko asmotan zara?

Bai. Musika eta magia dira nire zaletasunak. Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, berriro egingo dut ikuskizuna musika eta magia erabilita.

Egia da, denbora ondo antolatu behar dudala. Huhezin Irakasle Ikasketak egiten dihardut eta guztiarendako denbora behar eduki gura dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak