Tipi Taparekin, Oñatiko hiru ibilbide monitore batekin egiteko aukera

Txomin Madina Milikua 2012ko azaroaren 21a

Oñatiko osasun zentroan burutzen duten eta adineko pertsona sedentarioen ariketa fisikoa sustatzea helburu duen Tipi Tapa programa fase berri baten sartu da. Fase honetan, eta Udaleko kirol zerbitzuekin elkarlanean, begirale baten laguntzarekin egingo dituzte aurrez finkatutako hiru ibilbide. Asmoa da ondo paseatzen ikastea eta ariketa fisikoa era egokian egitea.

 65 urtetik gorako pertsona sedentarioen artean ariketa fisikoa sustatzea da Oñatiko osasun zentroan martxan dagoen Tipi Tapa programaren helburua, eta programa horren barruan fase berri bati emango diote hasiera aste batzuk barru.

Programa honekin, osasun zentroko kontsultetara joaten diren adineko gaixo kronikoak euren egoeraren eta egiten duten ariketa fisikoaren arabera sailkatzen dituzte. Gaitasuna izan arren sedentarioak direnei, ariketa fisikoa egitea gomendatzen zaie herrian zehaztuta dauden hainbat ibilbidetan. Programaren fase berrian, eta  Udaleko kirol zerbitzuekin elkarlanean, aurrez finkatutako hiru ibilbideak begirale batekin egiteko aukera izango dute.

Kizkitza Alustiza erizain eta Tipi Tapa programaren koordinatzaileetako baten esanetan, helburua da  era egokian ibiltzen eta ariketa  fisikoa egiteko kalean dauden aparailuak ondo erabiltzen ikastea; ez hori bakarrik, baita bakarrik paseatu behar dutelako etxean geratzen direnak ariketa fisikoa egitera animatzea ere. "Ibiltzeak zein ariketa fisikoa hainbat onura dakartza, hala nola, pisua galtzea edo tentsioa eta kolesterola jasitea. Buruari ere laguntzen dio gainera" dio Alustizak.

Hiru egun, hiru ibilbide

Hiru egunetan izango da ibilbideak begiraleekin egiteko aukera. Abenduaren 10ean lehenengo ibilbidea egingo dute, 2,5 kilometro ingurukoa; abenduaren 12an 3,5 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute eta abenduaren 14an, bost kilometro pasatxokoa. Oscar Carrascal Udaleko kirol teknikariaren esanetan, ibilbideak errezak dira: "Hirigintza, ongizate eta kirol zerbitzuen artean diseinatru ditugu, eta ez dute ez oztopo arkitektonikorik, ezta aparteko aldaparik ere eta herrigunean kokatzen dira".

Ibilaldi guztiak 11:00etan hasiko dira Foruen enparantzan, eta amaitu aldiz, Correoseko eraikinaren ondoan dauden kirola egiteko aparailuetan amaituko dira. Ekimena gainera, adin guztietako pertsona sedentarieoei zuzentzea gura dute.

Ibilaldietan parte hartzeko osasun zentrora deitu behar da abenduaren 5a baino lehen, eta ondoren erizainek erabakiko dute bakoitzari zein ibilbide komeni zaion.

Kolon eta ondesteko minbizia detektatzeko kanpaina

Osasun kontuekin jarraituta, amaitzear dago Oñatin kolon eta ondesteko minbizia detektatzeko bigarren kanpaina. Anbulatoriotik jakinarazi dutenez, kanpaina zuzentzen zaien 50 eta 69 urte bitarteko 2.500 oñatiar ingururi bidali zaizkie analisiak egiteko gonbidapenak eta kitak, eta momentuz %66 inguruan dago parte-hartzea. Duela bi urte egindako kanpainan %73ra heldu zen.

Proba egitea erreza da: etxera bidalitako kitarekin kaka lagin bat hartzen da, odolik duen edo ez detektatzeko. Behin lagina aterata, anbulatoriora eraman behar da aztertzeko.

Anbulatoriotik proba hau egitearen garrantzia azpimarratu dute, oraindik garatu gabe egon arren kolon eta ondestean izan daitezkeen arazoak agerian jartzen baititu. Bigarren kanpaina honetan dagoeneko bi minbizi garaiz detektatu ahal izan direla jakinarazi dute.

 

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak