Domekan, azaroak 25, da genero indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna eta horri begira, hitzordu bat baino gehiago antolatu ditu udaleko berdintasun sailak Andraitz Feministak taldearekin batera.Tratu ona lelopean antolatu dituzte hitzorduak, tratu txarren gaiari buelta eman eta arazoa modu positiboan lantzeko ideiarekin. "Tratu onak bultzatzen eta zabaltzen baditugu, tratu txarrak gutxiago izango direla uste dugu, eta mezu baikor hori zabaltzeko aukeratu dugu Tratu ona leloa", azaldu du Ainhoa Moiuak, udaleko berdintasun teknikariak.
Mezu hori gaztetxoen artean ere zabaldu gura izan dute eta horrela, ideia hori jasotzen duen txapa lehiaketa antolatu dute herriko ikastetxeetan. DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleek hartu dute parte, 14tik 16 urte bitarteko gaztetxoak. Aste honetan bukatu da euren lanak aurkezteko epea eta gaur eguerdian banatuko dituzte sariak, Tratu ona lelopean antolatu dituzten hitzorduen aurkezpenean, osoko bilkuren aretoan.
Puntu morea jartzeko deia
Bestalde, puntu morea duen bandera handi bat jarriko dute gaur udaletxean eta berdintasun sailak dei egiten die herritarrei etxez-etxe banatu dituzten puntu moreak jartzeko.
Hitzorduak
Tratu ona lelopean antolatu dituzten hitzoduak dira:
- Azaroak 25, domeka: elkarretaratzea herriko plazan, 13:00tan
- Azaroak 28, eguaztena: Amaia Aldamaren hitzaldia kultura etxean, 18:30ean
- Azaroak 29, eguena: 'La redención' filma, zineklubaren barruan, 20:00tan