Harrera ona izan zuen 'Emakumeak taula gainean' ekitaldiak

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko azaroaren 17a

Agertokietan emakumeen presentzia bermatzeko helburuarekin antolatu zuen Andraitz Oñatiko feminista taldeak egubakoitz gauean Gaztelekuan egindako ekitaldia. Herritar dezente bertaratu ziren antzerki, kontzertu eta DJ emanaldiaz gozatzera eta antolatzaileak pozik gelditu ziren.

Hasteko, generoaren inguruko hausnarketa egin zuen Miren Gaztañaga aktoreak Stereo izeneko antzezlanean. Emakumeak eduki ditzakeen rolak antzeztu zituen eszenografiarekin jolastuta eta ordu erdian entretenituta izan zituen bertaratu ziren emakume zein gizonezkoak. Ikus-entzule gehienak emakumeak izan arren, gizonezkoren bat edo beste ere izan zen bertan eta bateren bat "inpaktatuta" ere gelditu zen ikusitakoarekin.

Ondoren, kontzertua eskaini zuen La Tia Carmen Bartzelonako taldeak. Estilo ugaritako kantuetan feminismoaren inguruko kantu aldarrikatzaileak jo zituzten eta bertsioren bat edo beste ere egin zuten.

Ordurako jendea festan murgilduta zegoen, eta ekitaldiari amaiera emateko, Zarauzko DJ emakumezkoak girotu zuen jaia. 2:30ak ingurura arte luzatu zen festa eta Itziar Baztarrika antolatzaileak esan digu "oso pozik" daudela ekitaldiak izan zuen harrerarekin. "Oso gustura gelditu gara ekitaldiak izandako harrerarekin. Konturatu ginen programatzen diren ekintza eta kontzertuak orokorrean nahiko maskulinoak direla eta agertoki gainean gizonezko ugari ikustera ohituta gaude. Ez gara konturatzen emakumeak ez egotearen gabezia horrekin eta atzoko ekitaldiarekin nahi genuena da taula gainean emakumeen presentzia bermatzea. Jaialdian emakumeak bakarrik egon ziren taula gainean eta erakutsi dugu posible dela".


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak