Iaz eman zuen digitalerako saltoa Aloña Mendiren argazki lehiaketak, eta parte-hartzea asko handitu zen: aurten 55 argazkilarik, 237 erretratu bidali dituzte. Hori horrela, erakusketarako aukeratutako argazkiak lokalean hautsa hartzen utzi baino, erretratuak salgai ipintzea erabaki zuten. "300 eurotik gorako lanak dira. Guk prezio askoz merkeagoak ipini ditugu. Ikusiko dugu nola erantzuten duten herritarrek eta bisitariek", esan digu mendi taldeko Iñaki Idigorasek.
Laguntzaileak
Aloña Mendiko mendi saila oso pozik dago erretratuen mailarekin. Concursos Digitales plataformari esker, atzerritik jaso dituzte lanak: bigarren sarietako bat Vietnamera joango da.
Raul Esteban, Josu Perez eta Joseba Leturia izan dira epaimahaia osatu dutenak. Bestalde, mendi sailak Oñatiko Udalaren, Osi Kirolak dendaren eta UniCOntrol argazki laborategi digitalaren laguntza izan dute. "Eskerrik beroenak guztiei, baita Ilunpetan argazki taldekoei ere".
Sari banaketa ekitaldia
Oñati argazki lehiaketako sariak gaur banatuko dituzte, 19:30ean, kultura etxeko erakusketa gelan. Epaimahaiak aukeratutako saridunak dira: Andoni Epelde, Iosu Garai, Xabier Mata, eta Iñaki Idigoras, Gizakia Mendian sailean; Manu Colino, Iosu Garai, Juan Jose Lopez eta Asier Egaña, Mendi Ingurunea atalean; eta, Andoni Epelde, Ngoc Anh Bach, Iñigo Olarte eta Iokin Astiagarraga Salaketa sailean.