19:30ean hasi zen ekitaldia, kultura etxeko zine aretoan, mendi hamabostaldiaren barruan antolatutako emanaldia hasi aurretik: jendez bete zen aretoa, eta bertan izan ziren baita ere Mikel Biain alkatea eta Leire Egaña zinegotzia eta Ingurumen batzordeko burua, Baltistan Fundazioko –Felix Baltistan Fundazioa, orain gutxira arte– presidentea edota Aloña Mendi taldeko presidente Anton Inza.

Zine aretoa bete egin zen mendi hamabostaldiko atzoko saiorako.
Sarituak
Andoni Epelde, Iosu Garai, Xabier Mata, eta Iñaki Idigorasek jaso zuten saria Gizakia Mendian sailean; Manu Colino, Iosu Garai, Juan Jose Lopez eta Asier Egañak, Mendi Ingurunea atalean; eta, Andoni Epelde, Ngoc Anh Bach, Iñigo Olarte eta Iokin Astigarragak Salaketa sailean. Esan beharrik ez dago pozik azaldu zirela guztiak ere.
Argazkiak salgai
234 argazki aurkeztu dituzte lehiaketara eta horietatik 44 salgai jarri ditu mendi taldeak; horixe izan da aurtengo berritasunetako bat. 40, 60 eta 90 eurotan salduko dituzte eta batutako dirua Baltistan Fundazioarentzako izango da. Argazkiak erosteko interesa dutenek erakusketa ikusi (hilaren 23ra arte, astelehenetik domekara, kultura etxeko erakusketa aretoan) eta gustukoena aukeratu behar dute. Argazkiren baterako eskaera bat baino gehiago badago, zozketa egingo dute.

Bi lagun argazkiak ikusten, kultura etxeko erakusketa aretoan.
Balorazio positiboa
Ilunpetan argazki taldea arduratu da gehienbat aurtengo argazki lehiaketa aurrera ateratzeaz, eta emaitza aparta izan da, mendi taldeko ordezkarien esanetan: "Aurten argazki lehiaketa mendi hamabostaldiarekin batera egitea erabaki dugunez, bateko eta besteko lanak aldi berean egin behar izan ditugu eta, horregatik, oso garrantzitsua izan da guretzat Ilunpetan taldearen kolaborazioa. Ideia berri asko egon dira eta oso ondo joan da dena".
Mendi taldetik eskerrak eman nahi izan dizkiete baita ere Oñatiko Udalari, Osi Kirolak dendari, Unicontrol argazki laborategi digitalari eta Concursos Digitales enpresari.
Datorren urtean, hamargarrena
Iaz paperetik digitalerako jauzia eginda, nabarmen egin du gora lehiaketara aurkeztutako kopuruak, eta ez hori bakarrik: gero eta gehiago dira kanpotik jasotzen dituzten argazkiak ere. Eta bietan sakontzea izango dute helburu datorren urtean ere: "Argazki lehiaketaren hamargarren edizioa izango da 2013an eta nahiko genuke parte-hartzea igotzea eta gehiago nazioartekotzea", kontatu digu mendi taldeko Iñaki Idigorasek.