"Finantza-kapitalaren aginduen aurrean makurtzen ari diren agintari politikoei irmo erantzun beharra dagoela deritzogu, pertsonak politika ekonomikoen erdigunean kokatu beharrean, krisian murgildu gaituzten neurri berberak sustatzen ari direlako", adierazi dute koaliziotik.
Justizia sozialetan oinarritutako politikak
Egoera "larria" dela esan eta "presazkotzat" jo dute justizia sozialean oinarritutako politikak indarrean jartzea: "Drama soziala gero eta agerikoagoa da eta egunero ditugu horren adibideak. Presazkoa da justizia sozialean oinarritutako politikak indarrean jartzea eta indarrean dagoen eredu sozioekonomiko ankerra iraultzea. Baina Europako finantza-elite eta politikoak murrizketen alde egin dute, krisiaren sorrerarekin inolako zerikusirik ez duten herritarrei etorkizun beltzera kondenatuz".
Parte hartzeko deia
Egoera horren aurrean, mobilizazioetan parte hartzeko dei egin dute: "Klase elkartasuna oinarri bezala hartuta, EH Bilduk ezinbesteko ikusten du herritarren eta eragile sozialen elkarlanari ekitea. Murrizketa sozial krudelak gelditzeko eta pertsonen interesetan eta ez kapitalaren interesetan oinarrituko den jendarte eredua eraikitzeko, beharrezkoa da helburu horiek ditugunok elkar hartuta jardutea. Horregatik guztiagatik, gaur egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu".