Hauxe da Oñatiko ezker abertzaleak hedabideei helarazitako oharra, osorik:
Burujabetza "ezinbestekoa"
"Madrilen politikak etorkizunik gabe uzten du gure herria eta egoera honi aurre egiteko, ezinbestekoa zaigu burujabetza politiko eta ekonomikoa eskuratzea, gure politika ekonomiko, sozial eta laboral propioak erabaki eta gauzatu ahal izateko".
Alternatiba "integrala"
"Egoera honen aurrean, ezinbestekoa da larrialdi egoera hau gainditu eta eredu politiko, sozial eta ekonomiko justu bat eraikitzeko alternatiba integral bat sortzeko eragile politiko, sindikal eta sozialen arteko elkarrizketa bultzatu eta elkarlana gauzatzea. Herri bezala eta herritarrak ardatzean kokaturik egin behar zaio aurre egoerari. Hori da Ezker Abertzalearen lehentasuna".
UGT eta CCOOrekin kritiko
"Jarrera argi, iraunkor eta zintzoak eskatzen ditu egoera honek, eta ikuspegi horretatik, ezker abertzalea oso kritikoa da UGT eta CCOO sindikatuak azken urte luzeotan garatu duten ildoarekin: sindikatu hauek ez diote egiazki aurre egin azken urteotan PSOE zein PPk gobernu espainiarretik burutu duten aurrekaririk gabeko erasoaldiari. Are gehiago, Madrileko gobernuak bultzaturiko hainbat neurriren inplementazioa ahalbidetu dute hainbatetan. Tamalez, UGT eta CCOO, egungo eredua gainditzea beharrean, krisia eragin duen ereduaren mantentzean kokatzen dute lehentasuna".
Egoera "errotik" aldatu
"Erantzun puntualetatik harago, egungo egoera errotik aldatuko duen ildo eraikitzaile eta mobilizatzaile bat da larrialdiko egoera honek eskatzen duena, herriz herri gauzatuko dena eta herritarrek protagonismo osoa izango dutena".
Mobilizazioetan parte hartu
"Azkenik, ezinbestekoa deritzogu alternatiba horren osaketarekin batera herri mobilizazioan aurrera egitea, era iraunkor eta zabal batean. Horrela bada, gaur, azaroak 14, arratsaldez, mobilizazio egun europarraren testuinguruan, eragile sozial ezberdinek deituta Oñatin arratsaldeko 7etan burutuko den manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi du ezker abertzaleak".