Oñabike: hirugarren mundurako bizikletak konpontzen

Txomin Madina Milikua 2012ko azaroaren 13a

Oñatiko Larraña-Zuazola Institutoak Oñabike proiektua jarri du martxan. Proiektu honen bidez, bultzatzaileek bizikleta zaharrak edo matxuratuta daudenak batu eta konpondu gura dituzte gero hirugarren mundura bidaltzeko.

Akatsen bat dutelako edo zaharrak direlako baztertuta ditugun bizikletak jaso, konpondu eta ondoren hirugarren munduko herrialderen batera bidaltzea. Horixe da Larraña Zuazola Institutokoak martxan jarri duen Oñabike proiektuaren helburua.

Zapatuan egin zuten bizikletak jasotzeko lehen deialdia eta hamahiru jaso zituzten denera. 50 bizikleta inguru jasotzea da asmoa, eta azaroa guztian zehar batuko dituzte. Astelehenetik ostiralera jasoko dituzte, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 16:00etara Institutuko Larrañako zein Zuazolako Egoitzetan. Bizikleten ezaugarriei dagokienez, era guztietako bizikletak jaso gura dituzte: handiendako zein txikindako, mendirakoak zein errepiderakoak.

Hirugarren mundura

Behin bizikletak jasotakoan, Insitutoan Natur Ingurunean Gorputz eta Kirol Ekintzen Gidaritza izeneko heziketa zikloa ikasten dabiltzan ikasleen ardura izango da bizikletak konpondu eta erabilgarri uztea. Oñabike proiektua beraz, ikasleentzat ere baliagarria izango da, konpondu bitartean ikasi ere egingo dute-eta.

Asmoa da ekainerako prest eta bidaltzeko moduan egotea bizikletak. Erabakitzeke dagoena da nora bidaliko dituzten: Zuazola-Larraña Institutokoak gobernuz kanpoko erakundeekin harremanetan dabiltza munduan bizikleten beharra dagoen puntu batera bidaltzeko. Sahara eta Ertamerika dira eskuartean dituzten aukerak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak