Juan Joxe Egaña: "Auzoen saneamendu lana ondo dago eginda Oñatin, eta alde horretatik pribilegiatuak gara"

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko azaroaren 13a

Bi agintaldi egin zituen zinegotzi lanetan Juan Joxe Egañak Oñatiko Udalean. Lehenengo lau urteak Euskal Herritarrok alderdiaren barruan egin zituen eta bigarrena kanpoan bukatu zuen: "T-4ko atentatuaren ostean ilegalizatu egin gintuzten, eta, batzordeetara joaten ginen arren, kanpoan geunden".

Nola gogoratzen duzu Udalera sartu zinen eguna?

Joxe Maria Larrañagak zinegotzi izateari utzi behar ziola-eta, nekazaritza kontuetan aritzeko gonbidapenarekin sartu nintzen. Bestetik, Euskal Herritarrok indartsu sartu zen udal jardunera, zazpi zinegotzirekin; babesa genuen, eroso sartu ginen. 

Nekazaritza batzordeetan hartzen zenuen zuk parte, beraz?

Bai. Gogoan dut saneamendu arloan lan handia egin genuela orduan. Aurreko Udala hasita zegoen lan horretan, eta guk jarraipena eman genion. Izan genituen tirabira batzuk ere, baina uste dut lan soziala izan zela hori; baserri guztiek kopuru bera ordaindu zuten.

Bestalde, Aloñako larreratzea arautu genuen Aldundiarekin batera, eta Aloabel, Aloñako Abereen Elkartea, ordukoa da.

Auzoen saneamendu arazoak konpondu zenituzten.

Erdiguneko auzoena bai, behintzat. Arantzazun, adibidez, orain ari dira horretan, eta Araotzen egin gabe dago, baina beste auzo gehienetakoa bukatu genuen.

Ni neu pozik nago egin genuen lanaz eta lanaren moduagatik. Sanemenduari dagokionez, herri pribilegiatua da Oñati.

Zela konpontzen zinen beste alderdietako kideekin?

Ondo. Osoko bilkuretan gai politikoak aztertzen zirenean, ika-mikak sortzen ziren, bai, baina batzordeetan ez genuen gai politikorik lantzen, herrira begirako proiektuei buruz eztabaidatzen genuen, eta hor ondo moldatzen ginen denok.

Nekazaritzan ez ezik, Hirigintzako batzordeko kide ere izan zinen.

Bai, bi batzorde horietara joaten nintzen ni. Hirigintzan, gogoan dut plan estrategiko berria landu genuela garai hartan: industriagune berriak definitu, hiri antolamendua diseinatu... Horrez gain, tranbiaren proiektua ezagutu genuen eta bidegorriaren trazatua lantzen sasoi hartan hasi ginen.  

Orduan hartutako ze erabaki uste duzu ez zela egokia izan?

Orduan lana zegoen Oñatin, eta herriko enpresek, lantegiek, esaten zuten lur gehiago behar zutela euren negozioak hazteko. Etxebizitzak eraiki behar zirela ere erabaki zen. Eta orain zer? Hamar urte geroago industriaguneak erdi-hutsik daude eta etxebizitza asko bete barik. Egoera aldatu egin da, baina pena ematen dit momentuko egoerari aurre egiteko hartutako erabakiak orain balekoak ez izateak. 

Eta ondo hartutako erabakirik?

Auzoen saneamendua, duda barik.

Ze balorazio egiten duzu Udalean egon zinen sasoiaz?

Positiboa. Lagun batek eskatuta sartu nintzen ni, baina ez zait damutu. Oroitzapen onak ditut. Gainera, uste dut denok parte hartu beharko genukeela lan horretan, lehenago edo geroago. Modu horretara, beste ikuspegi bat izango genuke guztiok. Askotan, errazegi egiten dugu berba, eta Udal barruan gauzek ze martxa hartzen duten eta nola erabakitzen diren jakitea aberasgarria da edozeinendako.

Gaur egun ze harreman duzu politikarekin eta udal jardunarekin?

Gaur egun, Garibaiko auzo-alkatea naiz, eta, alde horretatik, harremana dut Udalarekin, baina, gainerakoan, beste dozein herritarrek moduan jarraitzen dut politika.

(Zinegotzi zela, tranbiaren proiektuaren erakusketa atzean duela)

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak