Ian Baquerin: "Estados de animo' lanak erakusten du kirol jardueran ere gure gogo aldartea igartzen dela"

Xabier Urtzelai 2012ko azaroaren 12a

Aspaldi honetan arrakasta handia izaten dabiltza Ian Baquerinen (Iruñea, 1983) bideoek. Bere izena daraman blogean zintzilikatzen ditu mendiko bizikletaz edo eski gainean grabatzen dituen lanak, eta azkena, Estados de animo, bihar, hilak 13, erakutsiko du Oñatin, mendi hamabostaldiaren barruan (Kultur Etxea, 19:30). Emanaldiaren ostean bideoak zelan grabatzen dituen erakutsiko du, atzean dagoen lana, alegia (Argazkia Juanjo Otazu).

Zer da Estados de animo?

Azken bi urtetan hartutako irudiekin egindako muntaketa da. Normalean egiten ditudan bideo motzen estilokoa da, baina ordu erdiko filma osatu dut. Filma mendiko bizikletako irudiekin, mendiko eskiarekin eta freeride irudiekin osatuta dago, eta tituluak dioen moduan, bideoaren haria da erakustea norberaren gogo aldartea igarri egiten dela kirol egiten dugunean. 

Eta bi urte hauetan ze gogo aldarte izan dugu ba?

Bada, denetik: euforia, poztasuna, positibismoa, negatibotasuna, tristura... denetik. Lesioak izan ditut tartean, eta guztiok moduan, egun onak eta egun hobeak izaten ditut neuk ere. Baina, erakustea nahi dena da denean gozatu daitekeela. 

Belauneko lesioa, esaterako.

Bai, mendian bizikletan edo eskiatzen zabiltzanean ondo pasatzen dugu beti, baina atzean momentu gogorrak ere egoten direla. 

Bideoan erakusten dituzun irudiak non hartutakoak dira?

Gehienak Pirinioetan grabatutakoak dira, eta Alpeetako irudiak ere badaude [Irailean egon berri da Alpeetan]. Hala, sasoi ona da filma erakusteko, hau sasoi polita delako mendiko bizikletan ibiltzeko, eta aldi berean, eski denboraldia hastear dagoelako. 

Zure bideoak ikusita bistan da zure nahia ez dela saltorik ikusgarriena erakustea. Detaileari, naturari, parajeari... garrantzia handia ematen diozula.

Batetik, ez dugulako horretarako gaitasunik [Barre]. Ez naiz Iñurrategi edo Indurain, eta gure gaitasunen barruan hartutako irudiak dira.

Akaso, jendea nekatu egin da salto ikusgarriez, eta beste arlo batzuk interesatzen zaizkie gehiago...

Esango nuke nire bideoek harrera ona dutela edonor ibil daitekeen lekuetan ibiltzen naizelako. Saiatzen naiz irudi onak hartzen, ondo editatzen, baina eskiatzen edo bizikletan ibiltzen naizen lekuetara edonor joan daiteke, ez dut izaten helikoptero bat nire zain, eta ez naiz gauza 20 metroko salto bat egiteko; hala, jendeak eskertzen du jakitea paraje eder horietaz eurek ere gozatu dezaketela, nik egiten dudan gauza bera egin dezaketela.

Badirudi halako lan bat egiteko nahikoa dela kamera bat motxilan sartzea, eta mendira joatea. Baina atzean lan galanta dago.

Bai, bai... Eta Oñatiko proiekzioan ahaleginduko gara hori erakusten. Aurreratu dudan moduan, proiekzioa ordu erdikoa da, baina ondoren erakutsiko dugu zelan egiten ditugun halako lanak, berbaldi txiki bat egingo dut, eta azalpenak eman: ze material erabiltzen dudan grabatzeko, zelan grabatzen ditugun irudiok, editai lana... Egia da lehen errazago egiten nituela bideoak, ia astero egiten nuen bat, eta orain hilabete edo hilabete eta erdi behar izaten dut bideo bat egiteko; gehiago kostatzen zait. Azken batean, orain geroago eta gehiago zaintzen ditut lanok, horretara dedikatzen naizelako eta ez delako komeni edozer gauza korrika eta presaka egitea [Barre]. Eta, halako lan bat ondo egin nahi bada, denbora behar da.

Egia da, baita, geroago eta zailagoa dela originala izatea.

Zalantza barik, ia dena asmatuta dago, eta zerbait okurritu ezkero, praktikan jarri. Nik ere beste batzuen bideoak ikusita hartzen ditut ideiak, eta gero ahalegintzen naiz ideiok praktikan jartzen. Baina bai, nik ere bideo mordoa ikusten dut Interneten.

Geroago eta jende gehiago ikusten dugu mendian, bizikletaz edo eskiaz, kamera txikiak hartuta grabatzen.

Bai, eta nik uste eskertuko dutela ikustea halako bideoak zelan egiten diren, edo zer behar duten. Asmoa hori da, jendeari ikustaraztea hiruzpalau kontzeptu garbi izanda eurak ere kapaz direla halakoak egiteko.

Gaur egun zertan erabiltzen duzu denbora gehiago, grabatzen, ala editatzen?

Pertsonalki nahiago izaten dut grabatzea, plano mota ezberdinak bilatzea, lekuak, zer grabatu nahi dudan pentsatzea... Baina egia da gaur egun editatzen igarotzen dudala denbora gehiago.

Ze alde dago udan eta neguan grabatzearen artean?

Elurretan grabatzea ederra da, baina elementu denak izan behar dituzu aldeko: argi ona, elurra kalitate onean... Eta kontutan izan behar da azkar iluntzen duela. Udan ez da argi arazorik izaten, lanerako ordu gehiago izaten da... Erosoagoa da.

-----------------

Mendi hamabostaldia Oñatin, bihar hasita

Bihar, martitzena, hasi eta hilaren 21era arte kirol eta mendizaleek euren zaletasuna asetzeko aukera izango dute mendi hamabostaldiaz. Aipatu moduan, Ian Baquerinek egingo du estreinaldia bihar (19:30, Kultur Etxea). Azaroaren 14an Iñigo Gabiria elorrioarrak parapenteaz Pirinioetan egindako zeharkaldia erakutsiko dute, Transpirenaica. Azaroaren 16an, berriz, etxekoei tokatuko zaie: udaberrian Aloñamendi elkarteko kideek Chamonix-Zermatt alpeetako zeharkaldi ezaguna bertaratuko dute. Hilaren 20an, Bergarako Ibon Santos eta Iñaki Arenaza bergararrek Kanadako mendietan eginiko eskalada erakutsiko dute, eta hilaren 21ean, eguaztena, Felipe Uriartek India iparraldean grabatutako lana erakutsiko du; Bideoa Ladakh-i buruzko aurkezpen batekin hasten da, eta bi seimilakotara egindako igoerak erakusten ditu. Amaitzeko, azaroaren 22an bi film erakutsiko dituzte, Linea Continua (17min) eta Gravity (55min).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak