Udal artxiboan gordeta dauden XVI eta XVIII mende arteko hainbat dokumentu zaharberrituko ditu Udalak. Bi enpresa ezberdenei esleitu zien lana Udalak: Miravalles Restaura eta Barbachano&Beny enpresei, hain zuzen, ia 14.000 eurotan. Bigarren enpresak burutu du berari egokitutako lana, eta dokumentu horiek udal artxiboan daude dagoeneko bueltan. Beste enpresari egokitutako lana, urtea bukatu orduko amaitzea da asmoa.
Egoera txarrean
Zehazki 1524-1731 urte bitarteko udal kontu liburuak eta espediente batzuk dira zaharberritu gura direnak. "Oso egoera txarrean daude. Aspaldikoak dira, zaharrak, eta batzuk oso kaltetuta daude. Onddoak agertu dira hainbat dokumentuetan eta papera hauskorra bihurtu da. Dauden moduan egonda, liburuak ezin dira kontsultatu eta zaharberritze lanak eginda, erabilgarriak izango dira berriz ere", azaldu du udal artxiboko arduraduna den Izar Salaberrik. Berreskuratu gura diren dokumentu horietako asko, gainera, zikinak zeuden, eta orbanek ez zuten irakurtzen uzten. Gainera, tolesturak zituzten paper ertzetan eta zenbait kasutan paperak intsektuak egindako zuloak zituzten.
Kontu liburuak
Zaharberrituko diren dokumentu horiek lehengo kontu liburuetan jasotako dokumentuak dira. "Eskuz idatzita daude, gazteleraz, eta orduko Udalen gastuak agertzen dira", dio Salaberrik. Hau da, udalak zenbat diru gastatu edo jaso zuen jakin ahal da dokumentu horiek irakurrita, baita noiz, nori eta zergatia. Hala ere, arrazoi ezberdinengatik kontsultatu izan dituzten dokumentu horiek ikertzaileek, esaterako, jesuitei buruzko doktoretza egiteko edo animali arriskutsuei buruzko ikerketa bat egiteko.
Garbiketa eta desinfekzioa
Dokumentu horiek garbitu eta desinfektatu egingo dituzte zaharberritze lanetan eta kalitatezko kontserbazio materialak erabiliko dituzte, neutroak eta itzulgarriak. Batzuk dagoeneko, erabilgarri daude artxiboan.