Irudi eta bizipenak gaur hasiko den mendi hamabostaldian

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko azaroaren 12a

Mendi hamabostaldia prestatzen ibili da buru-belarri Aloña Mendiko mendi saila azken astetan, eta bihartik aurrera –martitzena– gozatu ahal izango da prestatu duten egitarauaz. Batzordean kide berriak sartu dira eta eskalada indartzea da erronketako bat. Ikus egitaraua.

Hiru gazte berri sartu dira batzordera orain, eta bederatzi lagun daude, baina sei bat lagunek jarraituko dute. Batzordeak prestatzen du urteko egutegia eta lantaldeen laguntza izaten du horretarako. Izan ere, ekintza konkretuen inguruan sortzen diren lantaldeen laguntza izaten du batzordeak urteko ekitaldiak burutzeko, eta hamabostaldiak bere lantaldea du.

Lantalde ezberdinak

Horrela, irteerak, adibidez, beste lantalde batek antolatzen ditu. "Urtean 10 irteera izaten dira, hileko bat, abuztuan eta irailean ezik. Horrez gain, bi zeharkaldi ere bai, maila baxukoa bata eta altukoa bestea. Orain, GPSarekin errazagoa da, baina askotan bidaia bat baino gehiago egin behar izaten dituzte lantalde horretako kideek irteeraren ibilbidea ezagutzeko", dio Iñaki Idigoras mendi saileko kideak. Argazki lehiaketarako, adibidez, Ilunpetan taldearen laguntza izan dute. "Elkarlan polita sortu da bion artean, eta asko eskertzen diegu hartu duten lana".

Eskalada indartu guran

Bestalde, egun hauetan ari dira mendian federatuta daudenen txartelak tramitatzen. "853 federatu daude. Mendi federatu gehien dituen Gipuzkoako hirugarren herria da Oñati, eta bazkide gehien dituen herriko taldea", azaldu du Juan Mª Ibarrondo mendi saileko kideak.

Eskalada indartzea da batzordekideen erronka berria. Eskalada eskola berreskuratu gura dute eta Araotzeko eskolaren mantenuaz arduratu ere bai,  Udalaren laguntzarekin. Bestalde, Araotz ingurua denondako erosoa izateko lanean jarraitzen dute auzotarrekin.

Mendi hamabostaldiko egitaraua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak