Nork bultzatu zintuen bertsolaritzan sartzera?
Bertsolaritza txikitatik ezagutzen dudan arren, 13-14 urterekin eman genuen koadrilan eta futbolean batera genbiltzan lagun batzuek bertsotarako jauzia. Kasablankako gaztetxean hasi ginen, Ander Lizarralderen gidaritzapean; bertatik Portuko sotora eta ondoren bertso eskolara. Hainbat txapelketatan ere hartu dut parte. Esperientzia ederra izan zen, topera bizi izan nituen. Herrian ere erantzun ederra izan zuen eta ohikoa zen asteburuetan bertsoetan ez zekiten koadrilakoak eta lagunak ere bertsotan entzutea. Bestalde, ordutik aurrera, bertsolaritzat baino gehiago, bertsozaletzat daukat nire burua.
Nolatan zaude VI. Bertsolarien Txapelketako antolakuntzan?
Bertso eskolan maisu lanetan aritzen naiz Julen Aranbururekin batera. Irakasteko askorik ez daukagunez, eragitean oinarritzen da gure lana. Koadrila ederra osatzen dugu eta ikasleen jarrera ere izugarri ona da.
Txapelketaren antolakuntza talde bat osatu genuen. Sei lagun gaude bertan, eta irailean hasi ginen batzen. Astean zehar batzen gara eta lanak zehazten ditugu: datak, lekuak, ideia berriak, sintonia… Ondoren, lan horien ardurak gure artean banatzen ditugu hurrengo bileran dena egunean jartzeko. Antolakuntzan laguntzeko sartu nintzen arren, gogoko ditut horrelako gauzak, eta horrelako ekintzetan laguntzea ederra da benetan.
Anekdota moduan, txapelketa aurkezteko afaria egin genuen baserritarren elkartean. Bertan, antolatzaile, bertsolari, gai-jartzaile, epaile eta laguntzaileak batu ginen. Sintonia aurkeztu ostean, txapelketaren nondik norakoak aurkeztu genizkien bertsolariei. Ondoren, afaria eta zozketa. Bertsolari bakoitzak zein kanporaketatan abestuko zuen zozketatu behar genuen. Jon Irizar gure bertso eskolako ikasleari Arranon abestea egokitu zitzaion. Ia bi metro dauzka Jonek, eta zalantzak genituen Arranoko taulan sartuko ote zen. Afalostean joan ginen proba egitera... eta, pentsatzen genuen moduan, ez zen sartzen! Horregatik, orain arteko mahai gaineko taula txikiago batengatik aldatu beharko dugu aurten.
Bestalde, aurtengo sintoniaren doinua Agurtzanek eta Ezozik trikiti eta panderoz sortu dute. Ondoren, Iñakitxo Txomingain-en letra ederrak sartu ditugu, eta, amaitzeko, Iñigo Ugartek tronpeta, bateria eta baxua ere sartuko ditu. Txapelketak merezi izango du, finala festa-egun bihurtu dugu, finalaren aurreko poteo eta bazkari eta guzti!
Bertsolaritzaz aparte, baduzu beste zaletasunik?
Futbola txikitatik gustatu izan zait, infantiletan hasi nintzen Jon Aias entrenatzailearekin. Harekin egin nituen gazteen azken urtera arteko denboraldi guztiak. Koadrila bera ere, ia osorik, bertatik sortu genuen eta Aias-ek ikaragarri irakatsi zigun harekin eman genuen 6-7 urteetan.
Orain, laugarren urtea egin behar dut Aloña Mendiko lehen taldean. Giroa bikaina da, eta, Mondraren kontra galdutako derbiak min eman zigun arren, denboraldia oso txukun hasi dugu. Nik neuk lesio bat izan nuen denboraldi hasieran, eta nahiko burukomin ematen dabil. Orain arte ez naiz taldearekin entrenatzen hasi, baina laster egiteko asmoa dut, korrika saio batzuk egiten hasi naiz eta! Kirolariarentzat min hartuta egotea gogorra den arren, lanean ari naiz, eta ea laster jokatzeko aukerak izaten ditudan, gogotsu nago-eta!