2010ean, SEMATEC enpresak Oñatiko argiteriaren auditoria egin zuen eta bertan ondorioztatu zutenez, orokorrean instalazioen egoera nahiko kaxkarra zen. Auditoria horren arabera, 600dik gora argi puntuk oso efizientzia eta errendimendu baxua zuten; kale askotan ez ziren argi kopuruaren eta uniformetasunaren balio minimoak lortzen; eta kontsumoa jaisteko erabiltzen diren erreguladore gehienak apurtuta zeuden.
Egoera honen aurrean, argiteria aldatzeko urratsak eman ditu Udalak. Gauzak horrela, Udalak 474 argi puntu aldatuko ditu, horietako 76 Osinurdin Fainderia eta Berezaso industrialdeetan. LED argiak jarriko dira, baina aurretik Atzeko Kalen eta Kale Berrian jarritako LED argiak ez bezala, hauek adimendun LED argiak izango dira. Hala, hainbat leku estrategikotan detektagailuak jarriko dira, momentuko beharraren arabera argi berrien intentsitatea kontrolatuko dutena. Hau da, auto edo pertsona baten mugimendua detektatu ahal izango duten aparatuak jarriko dira argiek, hurbiltasunaren arabera, gehiago edo gutxiago argitu dezaten. Aldi berean, egun bakoitzak duen argi intentsitatearen arabera argiak lehenago edo beranduago piztu eta itzaliko dira.
Aurrezten dena, inbertsiorako
Argiteria aldatzeko aurrekontua 426.500 euro inguru izango da, BEZa aparte, eta EAJk horrela eskatuta, energian aurrezten den diru kopurua erabiliko dute argiteria sistemaren berrikuntzak finantzatzeko. Mikel Biain Oñatiko alkatearen esanetan, %70 eta %80ren bueltan egon daiteke aurreztuko den diru kopurua.
EVE erakundearen diru laguntzak erabili gura ditu Udalak lanak finantzatzeko, eta Udaletik jakinarazi dutenez, inbertsioen %40 lor daiteke bide horretatik. Laguntza horiek lortuz gero, obra egiteko epea 2013ko uztaila izango litzateke.