Ideal horretaraino nola ailegatu, hori da kontua. Oñatiko Udalak herritarren iritzia batu gura du, lehentasunak finkatu aurretik. Horretarako, Arrasateko LKS taldeak espazio publikoen gaineko azterlana egin zuen eta, hori oinarri hartuta, erakusketa publikoa egin du Udalak Santa Anan. Herriko zortzi espazio publiko hobetzeko ideia batzuk azaltzen dira, paneletan. Ikusi eta gero, norberak galdetegi bat bete dezake, eta Santa Anan bertan dagoen kutxan sartu erantzunak. Zortzi espazio publiko hobetzeko proposamenak baloratu eta segun eta zelako presa edo garrantzia duten ordenatu ahal izango ditu norberak.
Pertzepzioaren garrantzia
Erakusketarekin lotuta, gaur, eguaztena, hitzaldia egingo du LKSko arkitekto Larraitz Sasiainek, Santa Anan bertan, 18:30ean. Azterlana nola egin duten azaltzen digu: "Hauek begiratu ditugu: funtzionaltasuna; espazio bakoitzak inguruarekin dauzkan loturak; irisgarritasuna; segurtasuna; ondo dauden edo ez; eta inportantea izan da ere pertzepzioa, erabiltzen den edo ez… Batzuetan, espazio bat oso ondo dago baina, zeozergatik, ez da erabiltzen: igual, orientazio txarra duelako, edo inguruan errepideak dituelako, edo ailegatzeko zaila delako… Eta, alderantziz, beste espazio batzuk itxuraz zaharragoak izan daitezke baina erabili egiten dira, bere funtzioa betetzen dute".
Oñatiarrek betetzeko inkesta horretan, bi faktoreren araberako puntuazioa eskatzen zaie espazio bakoitzarendako: 0tik 10era baloratu behar dute aktuazio bakoitzak ze garrantzia duen eta, bestetik, zenbateko presa edo urgentzia duen. Larraitz Sasiainek dioenez, "hobekuntza batzuk premiazkoagoak izan daitezke, espazio hori egoera txarrean dagoelako, baina beharbada ez dira horren garrantzitsuak; eta alderantziz, beharbada espazio batzuk ez daude horren gaizki, baina herrian garrantzitsuak dira".
Planteamendu irekiak
LKSk 24 espazio aztertu ditu. Horietatik 14k bere funtzioa ondo betetzen dutela baloratu du, eta Udalari entregatutako lanean beste hamarrak sartu ditu. Ordea, erakusketan zortzi daude: Herriko plaza, San Martin, Errementari plaza, Ramon Irizar, San Lorentzoko jolasparkea, Kalegoiena, Olaiturri eta Etxaluzeko plaza. Horiez gain, Errekaldeko aparkalekua hobetzeko proposamen batzuk jaso ditu Udalak, eta baita peatonalizazioa hobetzeko eta ibaiari urbanismo aldetik kasu handiagoa egiteko proposamen batzuk ere, orokorragoak.
Espazio bakoitza hobetzeko proposamen batzuk egiten ditu LKSk. Sasiainek hauxe dio: "Guk planteatzen ditugunak ez dira proiektu itxiak, ideiak baizik". Adibide bat Errementari plazaren gaineko proposamena da: "Minimoetako eta maximoetako aukerak proposatzen dira. Gaur egun, plaza bitan banatuta dago, errepidea pasatzen delako; proposatzen da errepide hori plazari ematea, espazio bakar bat sortuz, eta autoek buelta ematea espazio horri; gainera, lur azpiko aparkalekua eta landare gehiago sartzea. Maximoetakoa da lur-azpiko aparkalekua; minimoetakoa, landaretza sartzea eta koexistentziako kalea egitea, hau da, oinezkoek izatea lehentasuna eta autoak ere ibiltzea, baina polikiago edo bestelako muga batzuekin". Jakina, aurrekontuak oso desberdinak dira bi kasuetan: minimoen proiektua 481.900 euro kostatuko litzateke, eta maximoena, 2.218.000 euro. Erdibideak ere badaude, segun eta ze ekintza egitea erabakitzen den.
Errementari plaza da espazio berri baina erabiltzen ez den baten adibidea: "Espaloiko arkupean bai, badabil jendea, baina erdiko plazan eta bertako kioskoan ez da inor ibiltzen. Gure ustez, horren zergatia da errepide artean dagoela eta ez dela seguru ikusten; bestalde, berdegunerik-eta ez dago", esaten du LKSko Larraitz Sasiainek.
Diru gutxi gastatuta
Erakusketan azaltzen den proposamen bakoitzaren aurrekontua ere ipintzen da. Gutxien, 67.400 euro, kostatuko lirateke San Lorentzoko jolasparkea estaltzea eta Etxaluzeko kirol-pistako zorua aldatzea, berriz egokitzea eta San Martinekin lotzea, eta gehien, 1.714.700 euro, Olaiturrin lur-azpiko aparkalekua egitea eta gaineko pistak berregitea (Errementari plazako maximoen proposamena kontuan hartu barik). Aurrekontu horiek azterlanean batzen diren proposamen guztiak kontuan hartzen dituzte.
Dena dela, badago gauzak hobetzerik ere, gastu handia egin gabe. Honela diosku Larraitz Sasiainek: "Proposamen bakoitza fasetan egin daiteke. Batzuk oso errazak dira eta oso diru gutxi kostatzen dira". Batzuk dagoeneko egin ditu Oñatiko Udalak: adibidez, Foruen plazako aparkalekua kentzea. Sasiainek dioenez, "orain, espazioa beste modu batera ikusten da: lehen autoek hartzen zuten leku hori guztia orain jendearentzako irabazi da".
Udalak dagoeneko eman duen beste pauso bat Kalegoieneko jolasparkea estaltzeko proiektua egitea da. Horrekin batera, LKSk proposatzen du argiteria, berdeguneak eta hiri-altzariak lekuz aldatzea eta Arantzazuko Ama kalea koexistentziakoa egitea. Estaltzeko obrak aurten bertan adjudikatu gura ditu Udalak.
-----------------
San Lorentzoko jolasparkea estaltzea: Kalegoieneko jolasparkea estaltzeko lanak "oso garbi" ikusten dituen moduan, Udalak zalantzak ditu San Lorentzokoaren gainean. LKSk beiraz estaltzea proposatzen du, igogailuaren egiturari lotuta. Bi altuerako estaldura arin eta gardena proposatzen du, inguruko etxebizitzen lehen solairua baino beherago geratuko dena. Udalak dio batez ere inguruko bi etxe-blokeetako bizilagunekin kontrastatu gura duela proposamen hori.
-----------------
Kirol-pista hobea eta lur-azpiko aparkalekua: proposatzen den ekintza nagusia lur-azpiko aparkalekua egitea da. Horrez gain, kirol-pistak zaharberritzea –askotariko kirolak egiteko pistak ipinita–, umeendako jolasparke txikia kentzea –gutxi erabiltzen da eta leku hori ondo ikusten da lur-azpiko aparkalekurako arrapala egiteko– eta lurrazaleko aparkalekua txikitzea eta ingurua berriz urbanizatzea ere planteatzen ditu txostenak. Dena eginez gero, 1.714.700 euro inbertitu beharko lituzke Udalak.
-----------------
Plaza, pilotalekua eta lorategia, espazio bakar: Herriko Plaza hobetzeko pauso batzuk eman dira: dukearen lorategia ireki da eta aparkalekua kendu da. Beste pauso hauek ematea egoki jotzen du txostenak: kiosko inguruko berdegunea aldatzea, plazaren eta pilotalekuaren arteko lotura lanak egin ditzan; eta pilotalekua estaltzea "egokia eta bideragarria" den aztertzea. Bestalde, dukearen etxeko lorategia zeharkatuta, ibai ertzean paseoa egokitzea proposatzen da, Ramon Irizar kaleraino.
-----------------
Errepideak bitan banatzen duen plaza: Errementari plaza errepideak inguratuta dago eta landaretza gutxi dauka. Arrazoi batengatik edo beste batengatik, jendeak ez du erabiltzen. Aldiz, arkupe eta jolasleku inguruko zatia erabiltzen da. Azterlanak honakoa proposatzen du: errepidea oinezkoendako edo koexistentziakoa egin; plaza erdiko kioskoa kendu eta, horren ordez, berdegune handia sortu eta umeendako jolasak ipini; eta, gura bada, lur-azpiko aparkalekua ipintzea.
-----------------
Dagoena berreskuratu egin daiteke: LKSren txosteneko zenbait proposamen ez dira erakusketan eta galdetegian agertzen. Proposamen orokor bat erreka herriarendako hirigintza aldetik berreskuratzean datza, izan ere, txostenak dioenez, Oñatik "errekari bizkarra eman" dio. Motxon eta Ultzegin kaleen arteko espazioa hobetu eta erreka ertzean 5 metro zabal den pasealekua egitea proposatzen du LKSk. Ibilbide batzuk berreskuratzeko eta kale batzuk koexistentziakoak egiteko proposamen orokorra ere egin du LKSk. Adibidez, Santa Marina plaza ingurua, Atzeko Kale osoa, Kale Zahar osoa (herrigune bukaeraraino) eta Martzelino Zelaia kalea koexistentziakoak egitea planteatzen du; eta dukearen lorategia zeharkatuta, ibairantz jotzen duen oinezko ibilbidea berreskuratzea.
-----------------
Azaroaren 19ra arte, zabalik: Santa Anako erakusketa ikustera joaten den edozeinek bertan dagoen inkesta-orria bete eta kutxan sar dezake, modu anonimoan. Azaroaren 19ra arte dago zabalik erantzunak uzteko epea. Dagoeneko herritar batzuek entregatu dituzte galdeketa-orriak. Besteak beste, proposamen bakoitzari garrantzi eta urgentziaren araberako nota ematea eskatzen da.




