Ewan McGregor eta Naomi Watts aktoreek hartzen dute parte Juan Antonio Bayona zuzendariak eginiko Lo imposible filmean. Nazioarteko arrakasta lortu du, eta gurean ere bide beretik joan da. Oñatiren kasua da esanguratsuena ziurrenik, izan ere, azaroaren 1ean aurrenekoz eman zutenetik ia egunero bete du aretoa; atzora arte egon zen filma ikusgai.
Bi saio eskaini dituzte egunero kultura etxeko zineman. Deigarria suertatu da egunero filma hasi aurretik kanpoan sortu diren ilara luzeak; bat baino gehiago gainera, kanpoan geratu behar izan da toki faltagatik. Atzo astelehena, ilaran denetarik topatu genuen, jende heldu eta gaztea. 19:30etako emanaldira sartzeko 17:30eatik zeuden batzuk zain, besteak 18:00ak ingurutik...
Amaia Arzamendik 9 urte daramatza bertan lanean: "Urte hauetan ez dut sekula horrelakorik ikusi. Jende pila bat erakarri duen filma izan da eta sortu duen ikusmina dela eta, astelehen iluntzean ezohiko saio bat eskaini behar izan dugu".
Anbulantzia eta guzti
Lo imposiblek eszena gogor eta gordin batzuk dituela adierazi dute ikusi dutenek. Zinemako langile Amaia Arzamendik adierazi duenez, egunotan bi pertsona zorabiatu dira. "Horietariko bat gainera, anbulantziak artatu behar izan zuen gainera".