Txarango eta D-Pintxos musika taldeak Oñatin

Amaia Garate 2012ko azaroaren 5a

Oñatiko Gaztelekuan joko dute Txarango eta D-Pintxos taldeek, azaroaren 17an. Kontzertuak 22:30ean hasiko dira, eta sarrera zazpi eurokoa izango da.

TXARANGO

Egizu dantza Bartzelonaren arimaren erritmoan. Europako hiri musiken artean erreferentziazko etiketa duen Bartzelona Soinuko azken gertakariak Txarango du izena. Ravalen jaioak dira, hiriko barruti multikulturalenean, ez dira alferrik auzo horretatik sortuak Ojos de Brujo edo 08001 musika taldeak. Dusminguetekin eta La Pegatinarekin alderatu izan dituzte Txarangokoak, reggae, dub, musika latino-amerikarra eta erritmo autoktonoak fusionatzen dituztelako, zuzenean, erritmo indartsu dantzagarriak eskainiz. Katalanez eta gaztelaniaz abesten dute eta pieza zainduak dituzte errepertorioan, hitz eta eduki mamitsukoak. Zuzenean ari direnean, indar handiz, festa, bozkario eta errebolta giroan, benetako festa eztanda bilakatzen dira.

Taldearen nazioarteko ikuskizunean, are proposamen alaiagoa, jostagarriagoa, dantzagarriagoa egiten dute, bertako ikus-entzuleekin ahalik eta azkarren konektatzeko xedez. Abesti berriak aurkeztu dituzte gaztelaniaz; bat edo beste frantsesez ere bai, eta beste erritmo kementsu -ska- eta bero batzuk -cumbia, salsa- gehitu dituzte errepertoriora, teklistaren eta perkusionistaren ekarpenari esker, biak, musikalki, Kuban heziak baitira.

Taldearen lehen diskotik, Benvinguts al llarg viatge (Ongi etorri bidaia luzera), doako 40.000 deskarga baino gehiago egin dira, hiru hilabete eskaseko epean; 60 kontzertu dituzte hitz emanda agendan; eta 1.200 sarrera saldu ziren 13 egunetan, Bartzelonako Apolo aretoan egin zuten aurkezpen kontzerturako. Datu horiek guztiek erakusten dute oso harrera ona egin diotela ikus-entzuleek. Azken kontzertu horretarako saldutako sarrerak zirela eta, erreportaje bat egin die sarrerak on line saltzeko Atrapalo enpresa multinazionalak.

D-Pintxos

D-PINTXOS taldea orain hiru urte ta erdi sortu zen, 2009ko otsailean. Zazpi kidek osatzen zuten taldea orduan. Joseba Gurrutxaga (ahotsa), Oier Gabiria (baxua), Iker Otegi (gitarra), Iker Azpeitia (gitarra), Mikele Gurrutxaga (tronpeta), Asier Mediavilla (tronboia) eta Iñaki Ormazabal (bateria). Euskal talde rockeroen bertsiok egiten hasi ziren, hala nola, Kortatu, EH Sukarra, MCD, Delirium Tremens edo Piperrak taldeenak, baina tronpeta eta tronboiaren laguntzaz beraien ukitu pertsonala ematen.

 

2010eko irailean Iker Otegik taldea utzi behar izan zuen eta bere partez Iñigo Caballero sartu zen. Ordurako hiru edo lau abesti propio bazituzten eta kontzertu batzuk eman zituzten Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroan zehar. 2011ko urrian Asier Txekiara ikastera joan zen eta urtebeteko geldialdia egitea erabaki zuten, beraien lehen diskoa prestatzeko.

Aurtengo ekainean Mutrikuko AME estudioetan sartu ziren, Axular Arizmendi teknikaria gidari hartuta lehen lan hau grabatzeko. ZAZPIAK BAT du izena gure lehen lan honek. Tronpeta eta tronboia lagun, Punk Rocka jorratzen dute gehienbat. Hamar abestiz osaturik dator diskoa. Zortzi abesti beraienak dira, bat, Hartu Arte talde Legazpiarrarena eta azkena, diskoari hasiera ematen diona, "The Seven Magnificent" pelikulako soinu bandaren bertsio bat. Kolaboratzaile gisa, Asier Iriondo eta Ibon Sotil Legazpiko bertsolariak izan dituzte letrak egiterako garaian. Legazpiko Soinua Musika Eskolako irakasle den Edorta de Pedrok ere, tronpeta eta tronboiaren harmonizazio lanetan lagundu die. Axular Arizmendi teknikariak (Nahixan taldeko abeslaria) ZURI kantuan parte hartzen du eta Eñaut Uribesalgo Oñatiarrak libretoaren diseinua egin die.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak