Martxan da Oñatiko VI. Bertsolari Txapelketa. 12 bertsolarik hartuko dute parte guztira eta bi kanporaketa eta finala izango ditu txapelketak.
Oñatiko bertsolariak
Oñatiko VI. Bertsolari Txapelketa bertako bertso eskolak antolatu du. 12 bertsolarik parte hartuko dute eta guztiak dira oñatiarrak: Egoitz Aizpuru, Joseba Lasagabaster, Gorka Larrea Txapel, Jon Irizar, Joseba Igartua Urze, Josu Igartua, Maider Arregi, Urko Egaña, Iñaki Olalde, Iñaki Igartua, Beñat Alberdi eta Andoni Goitia.
Epaile lanetan ibiliko direnak dira: Lander Diaz de Gereñu, Patxi Goikolea, Iñaki Beristain eta Gerardo Elortza. Eta gai-jartzaileen artean, berriz, daude: Endika Ruiz, Egoitz Atxaga, Julen Aranburu, Imanol Altube, Oneka Anduaga eta Mirari Sagarzazu. Azken bi horiek, gainera, aurkezle lanetan ere ibiliko dira txapelketak izango dituen hiru saioetan.
Bi kanporaketa eta finala
Txapelketak hiru saio izango ditu: bi kanporaketa eta finala. Lehenengo kanporaketa azaroaren 24an izango da, Antixenako gaztetxian, 18:00tan, eta parte hartuko dutenak dira: Aizpuru, Josu Igartua, Urze, Egaña, Txapel eta Arregi. Bigarren kanporaketa, berriz, abenduaren 1ean izango da, Arrano elkartean, 18:00tan, eta han parte hartuko dutenak dira: Lasagabaster, Iñaki Igartua, Olalde, Irizar, Alberdi eta Goitia. Bi kanporaketa horietan puntu gehien lortzen dutenek finala jokatuko dute. Finalera saio bakoitzetik lehen sailkatua pasako da eta ondoren puntu gehien batzen duten lau bertsolariak. Finaleko saioa Aabenduaren 15ean izango da Gaztelekuan, eta saio hori ere 18:00tan hasiko da.
Berritasunak
Bestalde, berritasun bat baino gehiago izango ditu aurtengo txapelketak. Batetik, finaleko eguna festa bihurtu gura dute antolatzaileek eta horretarako, goizean goiz hasiko da giroa. Eguerdian trikipoteoa egongo da finaletik kanpo gelditu diren bertsolariekin, eta bazkaria ere antolatu dute. Bazkarirako txartelak herriko puntu ezberdinetan jarriko dituzte salgai.
Bestetik, aurtengo txapelketak sintonia berria izango du. Ezozi Sobak eta Agurtzanek sortu dute sintonia hori eta txapelketako saioetan entzun ahal izango da.