Larraña Institutuko futbolzelaia urtarrilaren 31rako eraberrituta egotea aurreikusten dute

Txomin Madina Milikua 2012ko urr. 30a, 18:13

Prozesu luze baten ostean, Oñatiko Udalak eta Hezkuntza Sailak sinatu dute Larraña Institutuko kirol instalakuntzen gaineko lagapen hitzarmena. Behin hori eginda, asmoa da azaroa amaitu baino lehen, bertako futbolzelaia eraberritzeko lanak hastea; belar artifiziala jarriko dute. Ondo bidean, gertu egongo da urtarrilaren 31rako. 

Bi urte eta erdi pasatxo kostatu da Oñatiko Udalak eta Hezkuntza Sailak Larraña Institutuko kirol instalakuntzen lagapen hitzarmena sinatzea. Irailaren 17an gertatu zen hori eta, hitzarmenaren arabera, hamar urterako lagako zaizkio instalakuntzak Udalari; bera egingo da mantentze eta eraberritze gastuen kargu.

Mikel Biain alkatea pozik azaldu da sinadurarekin, eta esan du aurreko udal gobernuak martxan jarritako prozesu bati amaiera ematea dakarrela. Kepa Altube Zuazola-Larraña Institutuko zuzendariak ere balorazio positiboa egin du.

Proiektua uztailetik eskatuta

Hitzarmena gertu zegoela jakinda, Udalak uztailean enkargatu zuen kirol instalakuntza hauetan burutu beharreko proiektua. Horretarako, aurretik Aloña Mendi kirol elkartekoekin, beteranoen futbol txapelketako ordezkariekin eta kirol teknikariekin egin zuten berba.

Egoera aztertu ostean, kirol instalakuntzetan futbolzelaia bakarrik egingo dute eta Fernando Azpiazuk eta Isabel Gordoak idatzi dute proiektua. Aurreikusita zegoen skateparkea ez dute bertan egingo, nahiz eta dagoeneko aztertzen dabiltzan non egin. Futbolzelaia aurrekoaren oso antzerakoa izango da, tamaina aldetik: 72 metro luze izango da eta 33 metro zabal. Berrikuntza handiena da belar artifiziala izango duela, bost zentimetroko garaiera izango duen belar artifiziala. Erabilerari dagokionez, eskola orduetatik kanpo edozein oñatiarrek erabili ahalko du futbolzelaia, eta udaltzainak arduratuko dira ireki eta ixteaz.

Alkatearen esanetan, eraberritze lanak azaroa amaitu aurretik hasiko dituzte, eta espero dute datorren urteko urtarrilaren 31rako amaituta egotea.

210.000 euro

Lanak 210.000 eurotan aterako dituzte lehiaketara, eta Aldundiak emandako laguntza batekin ordainduko dira horietatik 50.000. Esan bezala, Udala egingo da mantenimenduaren kargu, eta Azkoagaingo futbolzelaiaren mantenua egiten duen enpresak hartuko du Larrañakoaren ardura.

Aldagelei dagokienez, negoziazioetan dabiltzan arren, momentuz Larrañako frontoikoak erabiltzea aurreikusten dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak