Mendi Hamabostaldia gertu dute Oñatin

Peru Arregi 2012ko urr. 30a, 18:28

Mendia ardatz duten ikus-entzunezkoak egongo dira ikusgai, non mountainbike, eski eta parapentea bezalako kirolei buruzko esperientziak behatu ahal izango diren. Gaian adituak ere bertan izango dira hitzaldiak ematen.

Azaroaren 13an hasita, 21era arte, kirol eta mendizaleek euren zaletasuna asetzeko aukera izango dute Oñatiko kultur etxean, Aloña Mendi elkartearen eskutik. Urte honetan, gainera, beste perspektiba bat hartu nahian, inguruko jendearekin antolatzea pentsatu dute.

Egitaraua:

'Estados de animo, mountainbike & ski' - (azaroak 13, 19:30ean)

Mendiko bizikleta eta eskiekin aurki daitezkeen bizipen zirraragarriei buruzko bideo bat da, Pirinio eta Alpeetako mendietan egindakoa. Filmak 35 minutu inguru iraungo du eta ondoren, argazki eta bideo motzekin lagundurik, grabaketaren atzean dagoen lana eta nekea erakutsiko du Ian Baquerin bideoaren egileak.

'Transpirenaika parapentez' - (azaroak 14, 19:30ean)

Oinez, korrika nahiz bizikletan, era askotan egin izan da Transpirenaika entzutetsua. Oraingo honetan, ordea, parapentez egitea erabaki du Iñigo Gabiria elorriotarrak. Bideoan behatu ahal izango den "hegaldia" Hondarribitik Port de la Selvara doan bidea izango da, eta bi aldiz igaroko du protagonistak: bata era askean eta bestea X-PYR lasterketan.

'Juley Ladakh' (oraindik konfirmatu gabe) - (azaroak 16, 19:30ean)

India iparraldeko Ladakh leku ikusgarriari buruzko ikus-entzunezkoa da. Felipe Uriartek sortutako bidaia honetan bi seimillakoetara egindako igoerak eta bitartean bizitako egoerak ikusi ahal izango dira. Aukera paregabea Indiako inguru horiek ezagutzeko.

'Bugaboos/Kanada, eskalada eta bidaia' - (azaroak 20, 19:30ean)

2009an Ibon Santos eta Iñaki Arenaza bergararrek egindako bidaiari buruzko ikus-entzunezkoa. Kanadako Bugaboos alderdiko granitozko pareta arriskutsuak eskalatuko dituzte, eta bertan edukitako esperientziak ikusi ahal izango dira. Mendiko eskalada eta bidaia uztartzen dituen filma.

'Chamonix-Zermaitt mendi eta eski zeharkaldia' - (azaroak 21, 19:30)

2012ko udaberrian, Aloña Mendi elkarteko kideek egindako alpeetako zeharkaldi ikusgarria. Frantziar alpeetan hasi eta 100 kilometrotara dagoen suitzar alpeetako Zermatt herrian bukatzen den bidaian, glaziarrak, mendi tontor zorrotz eta zirraragarriak eta paisaia ikusgarriak behatu ahal izango ditu ikusleak.

Zinekluba

Azaroaren 22an, eguena, bi film ikusteko aukera izango da kultura etxean, 20:00tan hasita:

  • Linea continua (17 minutu): Aita-seme bikote batek Cervinon den igoera zailenetako bat burutu zueneko film laburra.
  • Play Gravity (55minutu): Lagun on baten heriotzan inspiratua dagoen eta arrisku handiko kirolen inguruko filma.

Oharra: Ekitaldi guztiak debalde izango dira, azaroaren 22ko pelikulak izan ezik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak