Natra-Oñatik garaipenarekin hasi du liga

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko urr. 28a, 21:32

Samur irabazi zuen Aloña Mendiko Natra-Oñati taldeak ligako lehenengo lehia: 70-50 gailendu ziren Eneko Blancoren mutilak Zubikoan Donostiako Easoren aurka. Harmailak bete egin ziren etxeko taldea ikusteko, eta jokalariek ez zuten hutsik egin. Hasieratik jarri ziren markagailuan aurretik, eta aldea mantentzeko gauza izan ziren amaierara arte. Datorren aste bukaeran Santurtzira joan beharko dira oñatiarrak.

Jagoba Gamarra, Imanol Ceciaga, Ander Gartzia, Josean Cavada eta Asier de La Iglesiarekin hasi zuen lehia Aloñak. Lehenengo laurdenean 21-10 jarri ziren aurretik. Defentsa lanean, eta batez ere taula azpian, oso ondo ibili ziren etxekoak. Erreboteetan jaun eta jabe izan ziren. Atsedenaldira 40-24 joan ziren aurretik.

Hirugarren laurden ona

Hirugarren laurdenean erritmoari eutsi egin zioten oñatiarrek. Hala, 24-11ko partziala eginda 64-35 aurretik jarri ziren. Azken laurdenean erritmoa jaitsi egin zuten etxekoek eta aukera hori aprobetxatu zuten donostiarrek aldea murrizteko.

Hurrengoa, Santurtzi

Eneko Blanco Aloñako entrenatzailea pozik zegoen taldeak egindako lanarekin. Etxean gogorrak izan behar direla nabarmendu zuen, eta kanpoan ahalik eta emaitza onenak ateratzea izango dela euren lana esan zuen. Datorren aste bukaeran Santurtzira joango dira. Partidu "zaila" izango dela esan zuen Blancok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak