Bilduren esanetan, krisiaren erdian "egoera ahulenean" daudenak kontuan hartuta egindako tasak dira. Aplikatutako igoeren gainean, hainbat arlotan BEZa asko igo izana dela-eta, tasak garestitzera "behartuta" zeudela esan zuten.
EAJk, ordea, tasetan KPIa igotzea proposatu zuen. Ordenantzen hainbat atalekin ados zeuden arren, osotasunari eman behar zitzaion botoa, eta aurka bozkatu zuen EAJk.
Euskaltegian, bonifikazioa
Zerga ordenantzen gaineko eztabaidak hartu zuen osoko bilkuraren zati handiena. Hobariak, bonifikazioak, aurtengo baldintzekin jarrai dezatela onartu zen, zergadunaren errenta-maila ere kontuan hartuta. Euskaltegiko erabiltzaileendako hobari berria onartu zen: aurrerantzean, subsidioa edo oinarrizko diru-sarreraren bermea kobratzen dutenek ere ez dute matrikulazio-tasarik ordainduko. Bestalde, establezimendu komertziala irekitzeko lizentziaren tasa %30 txikituko da.
Salbuespenek,igoko diren tasek, piztu zuten eztabaida handiena osoko bilkuran. Horien artean, kiroldegiko tasen igoera dago. Bilduk hori argumentatu zuen esanez Oñatin kirol ikastaroen zerbitzua ematen duten enpresek BEZa asko igo dutela eta Udalak derrigorrez erabiltzaileei horren eragina pasa behar diela. EAJren proposamena izan zen KPIa igotzea, esanez onartutako igoerak "larregikoak" zirela.
Bestalde, Ondasun Higiezinen arloan inor erroldatuta ez dagoen etxebizitzei kontribuzioa bikoiztea onartu zuen udal gobernuak, joan den astean bertan Aretxabaletak egin duen moduan. Horren helburuetako bat, Bilduko ordezkarien esanetan, etxebizitzen errenta merkatua bultzatzea da. Salbuespen batzuk daude: besteak beste, zaharren egoitzetan bizi direnen etxeak; babes ofizialekoak, bertara bizi izatera joateko tartean; jarduera ekonomikorako erabiltzen diren egoitzak… EAJk proposatuta, baserriak eta mendekotasunagatik beste etxebizitza baten bizi direnen etxeak salbuestea onartu zen. EAJren proposamena %50eko errekargua ezartzea zen.
Tarifak eguneratu egin dira
Kiroldegi inguruko eta Kalegoieneko aparkalekuen erregimenak ere eguneratu ziren. Kiroldegikoan bi orduko doako epea eta, Kalegoienekoan, 30 minutukoa onartu ziren, eta tarifak 0,06 igoko dira. Bestalde, ordainpeko epean, tarifak desberdinak dira, segun eta zenbat denboran erabili. Biain alkatearen esanetan, "herritarrak apenas igarriko" duen igoera. Baldintza horiekin, "plazako aparkalekua desagertuta sortu diren behar berriei erantzun" eta "aparkalekuak norberarendako aparkaleku finko bihurtzea" ekidingo da, Bilduren esanetan.
EAJk, aldiz, bi aparkalekuek "baldintza berberak" izatea proposatu zuen. Euren iritziz, "biak dira zerbitzu publikoak, nahiz eta baten ondoan kiroldegia, ikastola eta anbulatorioa egon eta bestearenean ez".
Zaborren tasa ere, berdin
Atez ateko sistemarekin lotutako datorren urteko zabor tasa ere izoztea erabaki da. Mankomunitateko Gobernu Batzordeak onartu duen igoera (%6,4) herritarrei ez ezartzea erabaki da, beraz. EAJk hori gaitzetsi zuen, eta esan zuen atez atekoa ezartzen denean "zerotik hastea" ez duela egoki ikusten. Bilduren erantzuna izan zen kalkulu ekonomikoak "aurreikuspenetan oinarrituta" daudela, eta benetako datuak dituenean hartuko dituela hartu beharreko erabakiak.
Zaborren kudeaketarekin lotuta, atez atekoaren aurkako eta 5. edukiontziaren aldeko Pap Ez Oñati plataformak batu dituen 2.416 sinadurak alkateari eman zizkion eguen eguerdian.