Euskal Herritik urruti dauden espetxeetan preso dauden euskal presoak bisitatzera doazen senide eta lagunei laguntzeko ekimena da Mirentxin. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan ez ezik, hainbat herrietan ere badaude laguntza hori emateko taldeak. Bederatzi furgoneta dituzte Euskal Herri osoan, baina horietako bi zahartu egin dira eta berriak erosi behar dituzte. "Lau urte inguru irauten dute furgonetek, gutxi gorabehera. Hilean, 8.000 kilometro egiten dituzte bataz beste", azaldu dute Oñatiko taldeko kideek.
Oñatiko taldea eskoriatzarrekin osatzen da. Guztira 44 gidari dira, 32 oñatiarrak eta beste 12 eskoriatzarrak. Lyoneko (Frantzia) espetxerako bidaia egiten dute hilean bi aldiz, hileko lehenengo eta hirugarren asteburuan. "1.200 kilometro inguru daude hemendik Lyonera, 12 bat ordu 40 minutuko bisita izateko. Helburua da preso daudenak bisitan doazen lagunei eta senideei elkartasuna adierazi eta bidaia egiten laguntzea. Batetik hegazkinean edo trenean joatea baino merkeagoa da eurendako, eta bestetik taldean egiten dute bidaia, bakarrik egin ordez. Guk gidari lanak egiten ditugu eta lagunak eta senideak bisitan dauden bitartean, deskantsatu egiten dugu", diote.
44 lagun
Oñatiko Mirentxin taldea 2012ko urtarrilean sortu zen. Hasieran hilean bidaia bat egiten zuten, baina egun bi egiten dituzte. "Orduan sei preso zeuden Lyonen, eta egun bederatzi daude. Dispertsioak, beraz, iraun egiten du". Bederatzi horien artean dago Maixol Iparragirre eskoriatzarra.
Egun 44 lagunek osatzen dute taldea, baina zabalik dagoela gogorazi gura dute kideek.