Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko zaleek ingurune horretako erreferente bat dute 2011. urtean Arantzazuko Parketxearen ateak zabaldu zituztenetik: jendearen jakin-mina, zaletasuna eta kezkak aseko zituen etxea, hain zuzen ere. Mendizaleak, turistak, eskola-umeak, taldeak eta bestelako bisitariak dira parketxearen proiektuaren oinarria, zentzua ematen dietenak eta, hain justu ere, publiko horri guztiari eskerrak eman nahian antolatu dute egun berezi hau.
Ekintzen programa
Urte osoan zehar garatzen diren jardueretan oinarrituko dira ekintzak, festa kutsua emanez guztiari. Ez dira faltako ohiko bisita gidatuak –Parke Naturaleko ibilbideetan zehar eta Arrikrutz koban– ez eta bilaketa jokoak, txikienentzat tailer eta eskulanak edota gure arbasoen garaietara itzularaziko gaituzten historiaurreko lan tekniken tailer eta erakustaldiak ere –sua nola egiten zen, etxeko tresnak eta biziraupenerako teknikak.
Eguerdian izango da jaialdiko une gorena: Arantzazuko plazan mokadutxoa eta erromeria egongo da Oñatiko musika eskolako trikitilari, txalaparta eta Latxine ardi erraldoiaren laguntzarekin –pertsona orok lortu ahal izango du mokadutxoa Arantzazuko Parketxeko sarreraren truke, 1 euro. Ekintza guztiak doakoak izango dira, mokadua eta koben bisita salbu.
Egunaren gainontzeko orduetan, 18:00ak arte, Gandiaga topagunean aurkitzen den parkeko interpretazio zentroa zabalik egongo da.
Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioa, Gipuzkoako lau parketxeen kudeaketa integratuaz arduratzen den entitatea, da jaialdi honen antolatzaile nagusia, eta egitarauaren osaketan zenbait entitate kolaboratzailek ere parte hartu dute: Debagoienako Turismo Bulegoak, Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziak eta Oñatiko Jose de Azpiazu Musika Eskolak, tartean. Domekan, parketxeko ekipo teknikoa eta Arkide eta Suhar arkeologia entitateak elkarlanean ariko dira.
Arantzazuko Parketxea
Arantzazuko Parketxea Gandiaga Topaguneko II.eraikinean kokaturik dago, Gandiaga I.eraikinaren atzealdean. 500m koadroko erakusketa honetan, Aizkorri-Aratz Parke Naturala interpretatzen ikasteko aukera ezin hobea du bisitariak, bertako museografia lanari esker. Besteen artean, hiru ikus-entzunezko, argazki sorta zabala, 25 koadrotako maketa, eta parkeko paisaien moldaketan zerikusi zuzena izan duten abeltzaintza eta basoaren ustiaketari eskainitako eremuak aurki daitezke.