Era berean gaineratu dute:" Krisiaren ondorioak ez dira berdinak izan guztientzat eta ordenantza hauekin proposatzen dugun zerga sistema ere bidezkoa izango da, aurrerakoia, bidezkoa eta solidarioa, benetako progresibitate printzipioa oinarri izango duena eta iruzurraren aurka borroka egiteko konpromiso sendoa hartuko duena".
Dena den, EHBilduk udal gobernuari egingo dion proposamenean salbuespenak daude: kirol ikastaroen tasak %5-10 artean igotzea proposatuko dute. " Kontuan izan behar dugu kirol zerbitzuak ematen dizkiguten enpresek %8tik %13ra igo dutela BEZ zerga. Hori dela kirol ikastaroen tasak igotzera behartuta gaude", diote.
Establezimenduen irekitzea
Hiri Ondasun Higiezinen Zerga izoztea proposatuko duten arren, "ohiko egoitza ez diren etxebizitza hutsentzat %100eko errekargua ezarriko" dute. Neurri horrekin hutsik dauden etxeak alokairuzko merkatuan sartu gura dituzte.
Bestalde, udal sarrerak gehitze aldera, jarduera ekonomikoaren gaineko zerga ordaintzeko gutxieneko fakturazioa milioi batera jaitsi dute.
Gainera, zergatako hobariak aurtengo baldintzatan mantentzeko proposamena egingo dute osokoan. "Familia tamainari lotzeaz gain errentari lotuak egotea" bideratzen du EHBilduren proposamenak.
Euskaltegiko erabiltzaileek ere izango dute hobaririk matrikulazioan. "Langabezian egon eta subsidioa kobratu arren matrikula tasa salbuetsiko da, eta AISA ikastaroetako erreferentzia hartuta prezio sinboliko bat kobratuko da. Langabezian egonda subsidiorik ez dutenek tasak salbuetsita izango dute".
Kutxazainak eta bide publikoa
Bestalde, establezimenduen irekitze lizentzien tasa %30 jaisteko proposamena egingo dute " merkataritza sustatu eta aktibitatea" garatzeko. Banketxeen irekiera tasak mantendu egingo dituzte, eta gainera kutxazain automatikoek okupatzen duten bide publikoarengatik okupazio-tasa ordaindu beharko dute: kutxazain bakoitzeko 350 euro.
EAJkoen iritzia
EAJk hilaren 12an jaso zuen EHBilduren ordenantza fiskalen txostena. "Denbora gutxiegi" izan dute gaia aztertzeko. "Hilaren 25eko pleno aurretik izango dugu gure diktamena", esan digu Lourdes Idoiagak.
Diktamen barik ere, hainbat puntutan "ados ez" daudela aurreratu digu jeltzaleen bozeramaleak. "Kiroldegiko ikastaroetako eta uda kanpainako tasak %10 igo gura dituzte. Familia asko baliatzen dira, orokorrean, zerbitzu horietaz eta igoerak min egingo die. Gehiegizkoa da. KPIa igotzea nahiko dela uste dugu", dio Idoiagak.
Bestalde, nahiko ados daude ohiko egoitza ez diren etxebizitza hutsei EHBilduk aplikatu gura dien errekarguarekin, baina "horrek balio dezala alokairua indartzeko, eta ez diru gehiago biltzeko. Gainera, ondo definitu beharko da zeintzuk diren etxebizitza hutsak, herritarrei kalterik ez egiteko", diote.