Haize zakarrak apurtutako zuhaitz adar batek kalteak eragin ditu auto baten

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 18a

Atzo, eguaztena, 20:30 inguruan, izan zen gertaera. Haize bolada zakar batek zuhaitz adar bat apurtu zuen Olakua 13 parean, eta, ondorioz, kalteak jasan zituen hantxe parean utzita zegoen auto batek. Udaltzainak bertaratu ziren, zuhaitz adarra guztiz ebaki eta kamioi baten laguntzarekin handik erretiratzeko. Euskalmeten iragarpenaren arabera, gaur, eguena, euriak erreleboa hartuko dio haizeari; Herrizaingo Sailak abisu horia ezarri du.

Iragarpenaren arabera, gaur 18:00etan hasi eta bihar gauedira arte, 24 ordutan 60 l/m2 baino gehiago pilatzeko arriskua dago, eta ordu betean 15 l/m2 baino gehiago pilatzekoa. Egoerak okerrera egin dezake, bereziki, bariku goizeko bederatzietatik aurrera: 24 orduko epean, 80 l/m2 botatzera ailegatu daiteke.

Aurreikuspen horiekin, euri-jasak gertatzen direnerako aholkuak eman ditu Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak, ondorio txarrak saihesteko edo ahalik eta gehien murrizteko:

Prebentzioko neurriak:

  • Ez ibilgailurik utzi ibaien ertzetan. Gerta liteke urak bat-batean gainezka egitea.
  • Kendu ibilgailuak ur-putzuak sor daitezkeen inguruetatik eta urpetu daitezkeen garajeetatik.
  • Ahal baduzu, ez hartu autoa.
  • Bidaiatu beharra izanez gero, ahal dela, ibili errepide nagusi eta autobideetatik, eta behar bezala ikusteko arazoak izanez gero, gelditu leku segururen batean.
  • Erretiratu urak eramateko moduko gauza guztiak, batez ere, kutsadura eragin dezaketen produktu arriskutsuak.
  • Begiratu inguruko hustubideak ondo dauden.

Larrialdietan hartu beharreko neurriak:

  • Urrundu erreka, uhar, zubi edo urpean gera daitezkeen lekuetatik, eta ez saiatu urak hartutako lekuetatik pasatzen, ez autoz ez oinez.
  • Ura dela-eta autoa errepidean ez aurrera ez atzera geratzen den kasuetan, itzali argiak eta irten autotik.
  • Mendi-magaletatik eta muino-magaletatik urrun egon, ura, harriak eta lohia amil daitezke-eta.
  • Ura etxebizitzara sartuko balitz, alde soto eta behe-solairuetatik ahalik eta azkarren.
  • Etxea utzi behar izanez gero, itzali argindarra eta itxi gasa eta ura, eta utzi ohar bat ostatua non hartuko duzun adierazteko.
  • Jo leku altuenetara; saihestu urpean gera daitezkeen lekuak.
  • Jakinaren gainean egon beti, irratiz edo bestela, jakiteko egoera zertan den eta eguraldiaren iragarpenak zer dioen.

Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Oñatiko gertaeraren argazkiak:

Tamaina handiko adarra bota zuen haizeak.

Garabia zuhaitz adarra auto gainetik erretiratzeko lanetan.

Ikusmina eragin zuen gertaerak.

Udaltzainak, lanean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak