Argiloain Perosterena: "Boto bidez gure hitza adieraztea garrantzitsua da"

Maider Arregi 2012ko urriaren 18a

Argiloain Perosterena 43 urteko merkatari oñatiarra da. Domekako hauteskundeak bereziak izango direla esan digu  "pentsakera guztiek izango dutelako beren aukera". Hauteskundeak EAJk irabaziko dituela uste du.

Interesatzen zaizu politika?

Bizi izan dugun egoera eta oraindik bizi dugun egoera bizita, oso zaila da gure herriko politika ez interesatzea, batzuk gehiago sartzen dira eta beste batzuk gutxiago, baina hor dago, ezin dugu beste aldera begiratu.

Eta Legebiltzarrerako hauteskundeak?

Legebiltzarrean nork ordezkatuko gaituen asko begiratzen dut, gure herria noren esku egongo den ondorengo urteetan oso garrantzitsua da-eta.

Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?

Beharrezkoa denean gobernatzeari uko egin behar zaio eta gaur egun ezinbestekoa zela uste dut.

Bereziak izango dira?

Noski bereziak izango direla, pentsakera guztiek izango dute beren aukera.

Zer dago jokoan, zure ustez?

Bizi dugun krisi egora hontan herria aurrera ateratzea.

Botoa emateko asmorik bai?

Bai. Sekula ez dut hutsik egin. Gure hitza adieraztea garrantzitsua da.

Baiezko kasuan: kanpainak baldintzatu dezake zure botoa?

Ez, beti izan ditut ideiak argi eta garbi.

Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?

Beste erremediorik ez dagoenean… baina zentzudun paktuak izan beharko lirateke, ez azkenengoan PSE-EE eta PPk egin zutena (nola bukatu den ikusi besterik ez dago).

Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?

EH Bildu eta PSE-EE.

Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?

EAJk.

Eta nor izango dela lehendakari?

Iñigo Urkullu edo Laura Mintegi (paktuen esku egongo da).

Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?

Herriarengan pentsatzea eta herriagatik lan egitea. Esaten duena bete dezala, gezurrak alde batera utzita.

Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?

Oso zaila da gustokoena aukeratzea, bakoitzak garai eta egoera ezberdinak bizi izan baititu, baina tokian tokiko Garaikoetxea eta Ibarretxe esango nituzke.

Zergatik?

Biei tokatu izan zaie egoera oso bereziak bizi izatea eta uste dut oso ondo jakin zutela arazoei aurre egiten, herritarron errespetua irabaziz; elkarrekiko errespeturik gabe ez dago herri bat aurrera eramaterik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak