Egibar: "Herri gisa dugun erronkari aurre egiteko funtsezkoa da ezagutzaren ekarpena"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko urriaren 16a

Hala adierazi du Gipuzkoako jeltzaleen zerrendaburuak goizean Oñatiko Unibertsitatera egindako bisitan. Bere esanetan, herri gisa parean izango ditugun desafioei aurre egiteko, "funtsezkoa" izango da ezagutza munduaren zeregina: "Bakea eta elkarbizitza sendotzea, krisitik ateratzea eta, bi helburu horiek gauzatzeko, erabakitzeko eskubidea aitor diezaguten bermatzea".

"Unibertsitateak hausnarketarako iturri izan behar du, eztabaidagune eta, neurri handi batean, gure herriaren eraikuntza sozial eta nazionalerako sukalde”, esan du, unibertsitatearen ekarpenak "oso garrantzitsuak" direlako politikarientzako eta herriarentzako.

Oñatiko Unibertsitatean egindako adierazpenetan azaldu du "ikerketa-, ezagutza- eta unibertsitate-munduek, eta hezkuntza sistema osoak orokorrean, euren ekarpenak" egin behar dituztela, "gizarte honek denen beharra" duelako. Hori dela eta, unibertsitatearen eta enpresaren arteko loturak sendotu egin behar dira, bere esanetan: "Enpresa-ekimen berrien eskura jarri behar da ezagutza eta, orain inoiz baino gehiago, gizartearen kohesio eta integraziorako eskura jarri behar da ezagutza hori. Eta, aldi berean, gure erabakitzeko eskubidearen aitortza egi bihurtu dadin egin ditzaketen ekarpenak ere entzun behar ditugu".

Jauzi "kualitatiboa"

"Bere buruaren jabe izan nahi duen herri batek ezin dio Hezkuntzari bizkar eman”, ohartarazi du, eta "Euskal Herrian hezkuntza-eredu on bat dugun arren, jauzi kualitatiboa eman beharrean gaude, unibertsitate-irakaskuntzari begira batez ere, etorkizunari bermearekin erantzun ahal izateko” azpimarratu du. Ildo horretatik jarraituz, esan du, EAJrentzat, ikerketaren nazioartekotzea, ezagutza herritarren beharretara egokitzea eta oraindik ere kohesionatuago izango den eredu sozialean sakontzea direla unibertsitateak jorratu beharreko gaiak.

Eta hezkuntza-sistemak balioak sendotzeko duen eginkizun berezia ere azpimarratu du: “Geroz eta mundu aldakorragoa eta irekiagoa dugun honetan, unibertsitateak balio tinkoak transmititu behar ditu –esate baterako, elkartasuna, guztiok behar ditugulako eskubide berdinak eta inor ezin delako bide bazterrean geratu–. Herri hau aurrera eramango dutenak balio tinkoak dituzten gizon eta emakumeak izango dira".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak