Osasun Zentrora iristeko ibilbide seguru eta erosoa egokitzeko asmoarekin, egingo dituzte Oñatin anbulatorio inguruko irisgarritasun lanak. Aurreikuspenak betetzen badira, lanek hiru hilabeteko iraupena izando dute, eta bi fasetan egingo dira: lehenengoan anbulatorio aurrealdetik kiroldegiko eraikin berrira arteko tartean egingo dira lanak; bigarren fasean, aldiz, Bidebarrietako biribilgune pareraino luzatuko dira.
Irisgarritasuna hobetzeko hainbat lan
Lanen prestaketak hasi dituzte dagoeneko, eta lanen interbentzio nagusia, anbulatorio aurrealdean egingo da. Ingurua oztoporik gabeko plataforma bakar bihurtuko da eta espaloiak eta galtzada maila berean jarriko dira, kiroldegi aurrealdean dagoen gorri koloreko asfalto guneari jarraipena emanez. Anbulantziak geratzeko gune bat ere markatuko da osasun zentroaren aurrealdean. Kiroldegi aurrealdean elbarrientzat dauden aparkalekuak berrantolatuko dira eta beste ere plaza bat egokituko da errepidearen bestaldean. Ikastolak autobusarentzat erreserbatutako aparkalekua ere lekuz aldatuko da, lurrazpiko parkinera sartzeko igogailua dagoen gunerantz, hain zuzen ere.
Honetaz gainera, gaur egun Osasun Zentroaren parean marraztuta dagoen biribilgunea, biribilgune fisiko egingo dute: bost zentimetro altxatuko den plataforma bat egingo dute horretarako. Biribilgunean kamioi eta autobusek izan ditzaketen arazoak ekiditeko gainera, zintarria bisel erakoa izango da.
Lurrazpiko aparkalekuaren gaineko aldean dauden eskailera gunean ere egingo dute aldaketarik. Egun, erreferentziarik ez duenez, arriskutsua suertatu daiteke. Horregatik, eskailera gune zabal hori estutu egingo da, eta gainerako espazioan ormatxo bat egokituko da segurtasun baranda batekin babestuta.
Egaralaur enpresak egingo ditu lanak, eta berauen aurrekontua, 91.500 euro gehi BEZa izango da.
Aldaketak zirkulazioan
Lan hauen eragina nabarituko dute anbulatorio inguruko bizilagunek. Hala, lanek irauten duten bitartean, Otxuena etxeko eta San Juan kale 9 eta 13 zenbakidun etxeetako garajeetara ezin izango da sartu. Lanak hastean, San Juan Kaletik Bidebarrietara doan errepidea hiru hilabetez egongo da moztuta; horrek esanahi du saihesbidera irteteko edo bertatik Bidebarrieta eta kiroldegi ingurura joateko Arantzazuko Ama kaleko sarrera irteerak erabili beharko direla hala beharrez.
Aparkalekuei dagokienez, hilabeteko epean oraindik ere erabilgarri egongo dira kiroldegi eta Txantxiku Ikastola pareko aparkalekuak. Baina hilabete barru, lanak inguru horretara ere zabalduko dira eta ondorioz errepidea itxi egingo dute kiroldegi ondoko biribilguneraino. Ikastolako autobusa bestalde, biribilgune horretan geratuko da lanen eraginez.