Miko-poteoa Arantzazun zapatuan

Amaia Garate 2012ko urriaren 15a

Aurreko urteko arrakastaren ondoren, Arantzazuko Adiskideak eta Naturgintza Fundazioak bigarren Miko-poteoa antolatu dute. Arantzazuko jatetxeek hartuko dute parte Euskal Herriko perretxikoen gastronomia
sustatzeko jardunaldi honetan.

Urriaren 20an egingo den jardunaldi honi 18:30ean emango zaio hasiera eta bertan Arantzazuko jatetxeek parte hartuko dute: Sindikak, Goiko Bentak, Zelai Zabalek eta Arantzazu Hotel Santutegiak, hain zuzen ere. Euskal Herrian perretxikoen zaletasuna oso nabarmena izan da beti; gainera, udazkenarekin batera, jende ugari barneratzen da hemengo basoetan perretxiko preziatu hauen bila.

Aukeraketa, bilketa eta sukaldeko prestaketa izan dira zale eta adituentzat aspektu garrantzizkoenak. Aurreko edizioan aukeraketa eta bilketaren oinarrizko gakoak landu zituzten; aurtengoan, aldiz, sukaldeko prestaketa eta aspektu gastronomikoen inguruan zentratuko dira ekintzak.

Aipatu bezala, jardunaldia 18:30ean hasiko da, Zelai Zabal jatetxeko sukaldari Alberto Elorzarekin. Gandiaga Topagunea I eraikinean izango da eta, sukaldari ezagun honi esker, Euskal Herriko perretxikoen sukaldaritzan eta kultura gastronomikoan barneratzeko aukera paregabea izango dugu. Hitzaldia amaitzeaz bat, 20:00etan, II. Miko-poteoa hasiko da Gandiaga Topagunean bertan, Zelai Zabal jatetxeak eskainitako pintxo mikologikoekin.

Kontsumizio bakoitzak (miko-pintxoa eta edaria) 1,5 euroko salneurri izango du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak