Nola sortu zen Kaimanleon?
Mikelek eta nik [Lete bateriajolea] stoner estiloko abesti batzuk egin genituen. Momentu horretan, Show Business taldean batera jotzen genuen Txalain, Mikel eta nik eta taldeak jotzen zuen estiloarekin bat ez zetozten kantu berriak genituen; beraz, zerbait desberdina egitea erabaki genuen. Hasieran, Show Business-en entseguen ostean jotzen genuen baina denbora pasa ahala proiektuak indarra hartu zuen. Gero, Alexis sartu zen, berak Potemkin-en jotzen zuen eta taldeak utzi zuenean gurekin jotzen hasi zen.
Noiz sortu zenuten taldea?
2011ko irailean Dani, Show Business-eko baxu jolea, Dinamarkara joan zen eta proiektu hau aurrera ateratzeko momentu egokia zela pentsatu genuen. Lehen ia egunero entseatzen genuen, lehenengo Show Business eta gero, orain Kaimanleon taldea dena. Momentu horretan dinamika hori apurtu egin zen eta Alexisen sarrerarekin proiektuak indar handia hartu zuen. Urtebete baino gutxiago daramagu proiektuan buru belarri sartu ginenetik.
Nola egiten dituzue abestiak: lehenengo musika edo letra egin eta hori musikaratu egiten duzue?
Lehenengo musika egiten dugu, melodia sortu eta ondoren hitzak sartzen dizkiogu. Normalean Mikelek egiten ditu eta gero denen artean egokitu egiten ditugu.
Irailean 'Kaimanleon' izeneko lana kaleratu zenuten.
Grabaketa dispertsoa izan zen: bateria Berako (Nafarroa) Mike estudioan grabatu genuen, baxua eta gitarrak Oñatiko Gaztelekuko sotoan grabatu genituen eta ahotsak Kirrinen etxean. Nahasketa eta masterizazioa Kirrinek berak egin du.
Nola egiten ari zarete diskoaren banaketa?
Era sinple batean egitea pentsatu genuen: diskoak formatu sinplea du, kopiak ahalik eta merkeen irteteko. 100 kopia inguru atera genituen, eta orain kopia gehiago atera behar ditugu. Ez dugu nahi hasieratik kopia kopuru handia ateratzea, asko lokalean geratzen baitira. Nahiago dugu bi edo hiru tabernatan saltzen jartzea eta baita kontzertuetan saltzea. Eskaeraren arabera kopia gehiago edo gutxiago aterako ditugu, diskoa kontzertuak lortzeko aitzakia da.
Bi kontzertu jo dituzue, biak Oñatin Radio Moscow eta Def Con Dos bezalako talde handiekin.
Def Con Dos-en kontzertua Show Business-eko Igorrek antolatu zuen eta bere taldeak jotzeko aukerarik ez zuenez, guri eskaini zigun. Radio Moscowren kontzertua Gaztemaniak ekimenaren barruan sartu zen, atzerriko talde on bat ekartzen dute eta bertako talde batekin batera jotzen dute. Hemengo taldeei ezagutzera emateko aukera da. Bi kontzertuak esperientzia polita izan dira, baina badakigu hori ez dela gure eszena izango.
Oñatin 'stonerra xauk'.
Egia esan Sharon Stonerrek estilo honi bidea ireki zion, beste herri askotako tabernetan oso zaila da Kyuss edo Queens Of Stone Age bezalako taldeak entzutea. Azkenean, talde baten eraginarengatik estiloak zabaldu eta entzuleak lortzen ditu.
Talde berria izan arren, esperientzia handia duzue... Zeintzuk dira zuen influentziak?
Taldekide bakoitzak musika estilo bat entzun edo gustuko du baina baditugu hainbat talde komunean. Adibidez, Truckfighters taldearen bertsio bat jotzen dugu... Ez dakigu, talde honetan basapiztiarena [barreak] egitea nahi genuen eta horretara egokitzen dena jotzen dugu, stoner, metal, doom... danetik.
Eszenatokian zuzeneko indartsua eskeintzen duzue.
Ez gara stoner talde klasikoak bezala eszenatokian geldirik geratzen garen horietakoak. Urte asko daramatzagu kontzertuak ematen eta aurretik Show Business edo Potemkin taldeetan eszenatoki gainean garatu dugun jarrera berdina dugu, ezin gara geldirik egon!
Diskoa kaleratu eta orain kontzertuak jotzeko garaia da.
Bai, zuzenean jotzea gustuko dugu eta horretarako sortu genuen taldea. Urriaren 19an Tolosako Bonberenean joko dugu Sharon Stonerrekin batera, eta azaroaren 30ean, Gasteizko Helldorado aretoan Truck Fighters taldearekin. Helburua etxetik gertu ahal den eta kontzertu gehien jotzea da.
Taldea ezagutarazteko bideren bat garatu al duzue?
Facebook orria daukagu eta bertan gure kontzertuen berri emango dugu; http://www.facebook.com/kaimanleon.rock da gure helbidea.