Agintaldi bakarra egin zenuen zinegotzi. Nolako oroitzapenak dituzu?
Gauza onak eta txarrak izan genituen, baina, oro har, lan handia egin genuela esango nuke. Krisia orduan hasi zen eta horri aurre egiteko hainbat neurri hartu behar izan genituen; besteak beste, austeritate plana eta enpresa txikiek eta autonomoek zuten langabeziaren kontrako plana abiarazi genituen. Garai zailak izan ziren, baina lantalde ona osatzen genuen.
Oroitzapen txarrik badaukazu?
Agintaldiko oroitzapen txarrena ia lau urtean lankide eta lagun izan zen Patxi Hipolitoren heriotza izan zen. Elkarren artean lan handia egin genuen, eta hartu-eman estua izan genuen. Bera gaztelekuko teknikaria zen eta ni batzordeburua. Beste alde batetik, krisiak eraginda, hainbat aldaketa egin behar izan genituen aurrekontuetan. Foru Funtsa eta tasengatiko udal sarrerak dezente murriztu ziren, eta horrek guztiorrek, austeritate plana egitera eroan gintuen.
Bi batzordetako buru izan zinen: Haur eta Gazteak eta Euskara eta Hezkuntza. Ze lan azpimarratuko zenituzke?
Euskara eta Hezkuntza batzordeko proiekturik aipagarriena Txaloka ludoteka martxan ipintzea izan zen. Aurreko agintaldiko proiektua zen, baina guri tokatu zitzaigun proiektua bukatu eta martxan ipintzea. Ludoteka egitasmo hezitzaile garrantzitsua izan zen.
Kirola euskaraz delakoa izan zen beste proiektu bat eta kiroldegiko ikastaro guztiak euskarazko komunikaziorako hizkuntza izatea zuen helburu. Gidabaimena euskaraz ateratzeko proiektua ipini zuen abian Mankomunitateak eta buru-belarri hartu genuen parte.
Haur eta Gazteak batzordetik gaztelekuko egitasmoa izan zen garrantzitsuena. Han 0-7 urte bitartekoentzat sotoa ireki genuen eta 7-12 artekoendako kuboa. Bi espazio horiek gaztetxoen arteko harremanak sendotzeko eta neguan aterpe bat izateko zabaldu genituen. Bestalde, ekintza programa osoa ipini genuen martxan kuboan. 12-18 artekoendako, topaleku nagusirako, egitasmo hezitzaile sendoa ipini genuen martxan; besteak beste, informatika gela, tailer gunea, saio didaktikoak, irteera ludiko-hezitzaileak eta disko festa.
Lan-mahai tekniko bat ere sortu zenuten. Bost batzordek egin zenuten lan batera.
Bai, hala da. Haur eta Gazte, Euskara eta Hezkuntza, Gizarte Zerbitzu eta Kultura batzordeak, guraso eta ikastetxeetako ordezkariekin harremanetan, hezkuntza proiektu hezitzaileak garatzearen alde. Gure asmoetako bat zen 0-18 urte arteko haur eta gazteei zuzendutako proiektu hezitzaileak garatzea.
Badaukazu arantzaren bat?
Haur eta Gazteak batzordetik tailer gune bat sortzeko lan egin genuen: gaztelekuko sotoan tailerrak egiteko gunea egokitu genuen, kristalezko itxitura batzuekin. Gure asmoa zen urte osorako egutegia zehaztu eta gune hartan tailerrak antolatzea, baina tailer zerrendarekin lanean geundela, agintaldia bukatu zen.
Nolako hartu-emana izan zenuten gainerako alderkietako ordezkariekin?
Blanca Roncal izan zen PSE-EEren lehen ordezkaria. Hasieran ezberdintasunak egon arren, guk egindako proposamen batzuetan ados egon ginen. Agintaldi bukaerarako, baina, egoera okertu egin zen. PPren ordezkariaz ezer gutxi esan dezaket. Hasieratik tira-birak izan genituen: hark zuri eta guk beltz. Oñati Ezkerretik koalizioko kideekin ondo moldatu ginela esango nuke.
Lau urte Gobernuan egon zinen, eta orain oposizioa zaudete. Nola ikusten dira gauzak alde horretatik?
Herriari begira, Gobernuan geunden moduan jarraitzen dugu: lanean. Egun, Bilduk dauka Udal Gobernua, eta erabakiak hartzeko orduan, desadostasunak ditugu.