Pedalei eragiten hasi aurretik omenalditxoa egin zioten Altuberi. Bere argazkiaren aurrean aurreskua dantzatu zioten arreba zuenak eta lehengusina batek, eta lore sorta eman alargunari. Txalo zaparradak eta etxafuegoek adierazi zuten martxari ekiteko garaia, eta ordutik amaitu arte atseden gutxi izan zuten txirrindulariek, gora eta behera.
Berezao auzotik Urtiagain aldera, handik Kortakogainera eta Arrikrutzera, eta Araotz, Ugastegi, Haitzgain inguruan hara eta hona ibili ostean Urrexolara, eta handik herrira. Lokatzak eta harri bustiek zerbait zaildu zuten ibilbidea, baina min hartutakorik ez zen izan. Haitzgainera bidean zegoen Infernua izeneko aldapan berotu ederra hartu zuten denek, eta ibilbidean jaitsiera politak ere baziren.
Umeentzako sei kilometroko irteera ere egin zuten eta, guraso eta guzti, 100 inguru izan ziren, Amets Txurruka ere bertan zela. Markelen lagunarteak eta herriko mendi bizikleta zaleek antolatu zuten eguna, eta Aspanogi elkartearen eta Udalaren laguntza izan zuten, besteak beste.