Hileta edo omenaldi zibilak egin ahal dira

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko urriaren 11

Santa Ana aretoa, horren sarrerako gunea, kanpoko lorategia edo hilerri aurreko parkea dira horretarako tokiak.

Dagoeneko indarrean da hileta edo omenaldi zibilak egin ahal izateko ordenantza. Aurrerantzean, beraz, hileta edo omenaldi zibil bat egin gura duen oñatiarrak Udalak hartarako zehaztutako lekuak erabili ahal izango ditu: Santa Ana aretoa eta honen sarrerako kristalezko gune itxia edota Santa Anako lorategia eta hilerriaren aurrealdeko parke irekia. Gune horietan hileta zerbitzuak egunero egin ahal izango dira domeka eta jaiegunetan izan ezik. Astelehenetik egubakoitzera, omenaldi zibilak 09:00tatik 14:00tara eta 17:00tatik 20:00tara egin ahal izango dira. Zapatutan berriz, 12:00tatik 14:00tara.

Kosturik ez
Udalak dagoeneko eskaintzen dituen zerbitzu horiek ez dute kosturik izango. Ekitaldiaren antolatzaileek udal langileen laguntza izango dute eta udaltzaingoak ere lagunduko du ekitaldia normaltasunez gauzatu dadin. Bestalde, Udalak, eskatzailearen eskura jarriko ditu baita ere, megafonia, hilkutxari eusteko elementuak eta aulkiak. Erabiltzen diren udal baliabide materialei dagokienez, indarrean dagoen ordenantza fiskaletan ezarritakoa kobratuko da. 

Non eta nola
Hileta edo omenaldi zibilak egiteko lekuak, egunak, ordutegiak eta kostua ez ezik, hilaren 2an argitaratu zen udal ordenantzan baimenak nola eta non eskatu ere zehazten da.

Hileta edo omenaldi zibilen zerbitzua erabili ahal izateko, eskabide orriak behar bezala beteta aurkeztu behar dira udal bulegoetan. Hori egiteko azken epea da ospakizuna egin nahi den eguneko goizeko 11:00ak baino lehen. Edozein arrazoirengatik hileta edo omenaldi ospakizuna egiteko aukeratutako lekua erabiltzerik ez balego, udal arduradunak eskatzailearekin harremanetan jarriko dira egoeraren berri eman eta beste irtenbide bat elkarrekin adosteko.

Borondatezko hizlariak
Hileta eta omenaldi zibilak egiteko ordenantza behin betiko onartu eta Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu ondoren indarrean badago ere, bertan aurre ikusten den zerrenda bat osatzeko dago oraindik. Ordenantzaren 15. artikuluan, Udalak, borondatezko hizlarien zerrenda osatzeko ardura hartzen du bere gain. Horretarako deialdi ireki bat egin beharko da era honetako ospakizunetan borondatezko hizlari izan nahi dutenek izena eman dezaten. Bitartean, udalbatza osatzen duten kideak arduratuko dira hizlari lan hori betetzeaz. Hala egitea onartzen duten udalbatzako kideak, alegia.

Iraileko osoko bilkuran, irailaren 27an, onartu zuen ahobatez udalbatzak hileta eta omenaldi zibilen zerbitzua behin betiko onartzea. Aurretik, uztaileko osoko bilkuran eztabaidatu zuten gaia, eta orduan ere aurrera egitearen alde agertu ziren udalbatza osatzen duten alderdi biak, Bildu eta EAJ, nahiz eta oposizioko alderdiarendako Santa Ana ez izan horrelako ekitaldietarako tokirik egokiena, Lourdes Idoiagak bozeramaileak adierazi zuen moduan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak