Naturaren argazkigintzako ikastaroa

Laida Beristain 2012ko urriaren 10a

Arantzazu Gaur Fundazioak naturaren argazkigintzako ikastaroa antolatu du. Aizkorri-Aratz Parte Naturalean udazkenak eskaintzen duen aberastasun kromatikoa aprobetxatuz, argazki teknika ezberdinak landuko dira ikastaroan.

Aizkorri-Aratz Parke Naturala udazkenez janzten hasia da dagoeneko. Pixkanaka udaberrian eta udan gailendu diren berde tonalitate ezberdinak, udazkeneko gorri bizi, marroi epel, hori eta beste hainbat koloregatik ordezkatuz doaz. Urtaroetako kolore ezberdinen edertasuna aprobetxatuz, Arantzazu Gaur Fundazioak argazkigintzako ikastaro trinko bat antolatu du Arantzazuko udazkeneko mosaiko paisaia eszenatoki harturik.

Ikastaroa, natura-argazkilaritza munduan hasi eta arlo horretan esperientziarik ez dutenei zuzendurik dago. Ikaskuntza prozesu hori burutzeko klase teoriko zein praktikoak jasoko dituzte ikasleek. Gema Arrugaeta, "Aizkorri-Aratz" liburuko argazkien egilea, izango dute irakasle parte hartzaileek.

Ekimenaren antolatzaileek Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioaren lankidetza izan du, hain zuzen, Gipuzkoako lau Parke Naturaletako Parketxeen kudeaketaz arduratzen den fundazioarena.

Egitaraua

Saioak Arantzazun (Oñati) gauzatuko dira, Arantzazu Parketxeko Interpretazio Zentroaren aurrealdean dagoen Gandiaga Topagunea I eraikinean.

Urriaren 20a, larunbata:

  • 10:00-13:30 Sarrera teorikoa. Argitasunaren kontzeptua argazkilaritzan. Paisaia eta natura-argazkigintza. Kalitatea, konposizioa eta erabil daitezkeen teknikak.
  • 15:30-18.00 Argazkilaritza irteera, ikasitako teknikak praktikan jartzeko. Argazkiak deskargatzeko eta egokitu edo prestatzeko argibide teorikoak.

Azaroaren 3a, larunbata.

  • 10:00-13:30 Irteeran egindako natura argazkien berrikuspena, parte hartzaileen hausnarketa eta suertatu daitezkeen zalantzen analisia eta argiketa.
  • 15:30-18:00 Saio teoriko-praktikoa. Ikastaroaren azken hausnarketa.

Izen ematea

Ikastaroan izen emateko 60€ ordaindu behar dira. Izena emateko bi modu desberdin daude bata Arantzazuko Parketxera deituta (943782894) eta bestea email bat bidalita arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net helbidera.

Oraindetzeko modua

  • Banku-transferentzia Euskadiko Kutxaren kontu honetara: 3035 0005 35 0050044672
  • Kontzeptua: NAI+parte-hartzailearen izena.

Ikasle kopurua mugatua izango da, 25 pertsonakoa. Izen emateko ordenaren arabera gordeko da
lekua eta honen formalizazioa ingresua egitean lortuko da. Ikastaroa eman ahal izateko derrigorrezkoa
da gutxienez 10 pertsonek izena ematea. Kopuru horretara iritsi ezean, antolatzaileek bertan behera
utz dezakete ikastaroa, eta kasu horretan baino ez da itzuliko izen-emateari dagokion zenbatekoa.

Izena ematen duten ikasleen arabera, ikastaroa euskaraz eta/edo gaztelaniaz emango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak