Urteko egunik ederrena izan ohi da gaurkoa herritar askorentzat. Baserritar jantzia jantzi eta lagunekin zein familiarekin egun osoko festaz gozatzeko aukera da gaurkoa. Goizeko azoka izan da gaur ere ekintzarik jendetsuena; ezin alde batera utzi herri bazkaria, noski, izan ere bertan 900 lagunetik gora izan dira.
Ikustekoaz gain, erosteko aukera ere izaten da; artisauek eroandakoak, baserrietako fruitu, barazki zein gaztak, animaliak... Lehiaketak baita. Fruitu eta barazki lehiaketak, gazta lehiaketak eta ardi, bildots eta ahari lehiaketak ere bai.
Hona hemen lehiaketetako gaurko sarituak. Ardi lehiaketan lehenengo saria eskuratu du Aldaiko Nestor Alzelaik. Bigarrena Jaumendiko Aritz San Migelek eta hirugarrena Azkarreta baserriko Maddalen Madinak. Bildotsetan, berriz, lehenengo postuan gelditu da Jaumendiko Aritz San Migel, bigarrenean, Urtiagaingo Aitor Arnaiz eta hirugarrenean, Zelakoako Imanol Barrena. Ahariei dagokienean ere lehenengoa izan da Aritz San Migel, bigarrena Imanol Barrena eta hirugarrena Maddalen Madina.
Fruta eta barazki lehiaketei dagokienez, hauxe. Fruitu onenen saria Felix Azkargortak (Iruatz) eskuratu du. Bigarrena Joxe Mari Lizarraldek (Iruatz) eta hirugarrena Xabi Canpok. Barazki ederrenetan, berriz, Benturenako Xabi Canporentzat izan da lehenengoa. Bigarrena Iban Telleriarentzat eta hirugarrena Duruango Maria Errastirentzat.
Gazta lehiaketan, aldiz, Gomiztegirentzat izan da lehenengo saria. Bigarrena Azkarretako Maddalen Madinarentzat eta hirugarrena Leibarko Kandido Urzelairentzat. Gazta lehiaketan, guztira, herriko 17 gazta aurkeztu dituzte.
Lehiaketak eta azoka bukatuta, batzuk herri bazkarira egin dute; beste batzuk jatetxe eta tabernetara eta gutxi batzuk etxera. Zer eta aurrez egin duten horrekin jarraitzera: ondo jan eta ondo edatera. Han eta hemen, festa giroa. Oraindik ere hala dihardute gainera. Une honetan hori bakarrik ez, presoen eskubideen alde aldarrikatzen baitiardute urteroko manifestazioan.