Atzoz geroztik ezin da plazako aparkalekuan autoa utzi

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko urriaren 10a

Eremu hori aisialdirako esparru izango da barrakak joaten direnean. Kiroldegi aurreko lur azpiko aparkalekua doan izango da urtea bukatu arte.

Plazako aparkalekua itxita egongo da aurrerantzean ibilgailuendako. Gune horri beste erabilera bat eman gura dio Udalak, aisiari lotutako erabilera, eta beraz, ez da gehiago aparkaleku izango. Proiektu hori zelan eta noiz gauzatuko den, baina, herritarren iritziarekin egin gura du Udalak, eurei galdetuta. 

10 espazio publiko
Herriko 10 espazio publikok izan ditzaketen erabilerak jasotzen dituen txostena egin du LKS enpresak, eta horietako bat da plazako eremu hori. Horrekin batera, San Martin, Errekalde, Olaitturri edo Etxaluzeko espazioen gaineko proposamenak ere jasotzen ditu txosten horrek, adibidez, eta horiek guztiak erakusketa baten jarriko ditu Udalak, herritarrek ikusteko. Eta herritarrek esango dute gero ze proiektuk duen lehentasuna edo zenbateko garrantzia duen bakoitzak. “Panel batzuetan jarriko dugu LKSk egindako lana, Santa Anako kristaldegian, urriaren bigarren hamabostaldian. Proiektu ezberdinak dira, inbertsio handiak eskatzen dituzte eta fase ezberdinak ditu bakoitzak. Gura dugu herritarrek esatea ze garrantzi ematen dioten bakoitzari, eta horren arabera diru kopuru bat edo beste gordeko diegu 2013ko aurrekontuetan. Herritarren iritzia ikusita, posible da ere proiektu bat baino gehiago martxan jartzea eta bakoitzaren fase kopuru ezberdinak gauzatzea”, azaldu du Josu Lizarralde hirigintza eta partaidetzako batzordeburuak. Erakusketak irauten duen bitartean, LKSko ordezkariak ere etorriko dira zenbait egunetan herritarrek izan ditzaketen zalantzak zuzenean argitzera eta azalpenak ematera.
Izan ere, laster hasiko da Udala datorren urteko aurrekontuaren zirriborroa prestatzen. Urriaren 22an hasiko da, hain justu, Aurrekontuak Herrijorran eta horren aurretik egin gura du Udalak LKSren txostenaren aurkezpena eta erakusketa. Aurrekontuan zer jaso erabakitzen dutenean, proiektua idazteko eskaintza publikoak egingo dira eta enpresei emango zaie gauzatzeko lanak. 

Plazan baloiarekin ez
Oraindik, beraz, zehazteke dago hurrengo urtean ze itxura izango duen plazako aparkalekuak, baina aisiari lotutako espazio bat izango dela jakinekoa da. “Barrakak joaten direnean, autoak aparkatzeko lurrean margotuta dauden marra zuriak kendu eta beste konpontze lan batzuk egingo ditugu. Umeendako lurreko jolasak margotuko ditugu. Bestalde, aurrerantzean umeek ezingo dute plaza erdian baloiarekin jolastu, espazio berri horretan izango dute tokia horretarako”, aurreratu du Lizarraldek.
Horrekin batera, orain arte Santa Marinan egiten den arropen zapatuko  merkatua aurrerantzean plazan egitea aurreikusten da, baserritar eta bestelako ekoizleek egiten dutenaren ondoan. “Gure asmoa da hilaren 20an, azoka biak plazan egitea, biak elkarren ondoan. Eta 20an posible ez balitz, ba hurrengo zapatuan”, aurreratu du hirigintza eta partaidetzako zinegotzi Josu Lizarraldek.

Lur azpiko aparkalekuan 
Eta plazan aparkatzen diren autoekin zer? Ba Zubikoa kiroldegi aurreko lur azpiko aparkalekua erabiliko da horretarako. Asmoa da iluntzetik goizeko lehen ordura arte doan izatea eta eguneko gainerako orduetan, lehen orduak (oraindik zehazteke 2 edo 3) ere bai. Hori guztia egiteko baina, hurrengo urteko ordenantza fiskalak onartu behar ditu osokoak. Urriko azken eguenean egingo du hori eta 2013ko urtarrilean jarriko dira gero indarrean tarifa berriak. Bitartean, hemendik eta urtea bukatu arte, doan izango da Zubikoa aurreko lur azpiko aparkalekua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak