New Mexikoko Santa Fe hirikoak Oñatin

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko urriaren 3a

Bi herrien artean dagoen adiskidetasun harremana sustatu nahi izan dute horrela eta 35 lagun inguruko taldea etorri da.Udaletxean harrera egin diete lehenengo, eta gero, turismo bulegokoen eskutik bisita gidatua izan dute.

Oñatik eta AEBtako Santa Fe hiriak lotura historikoa dute. New Mexiko estatuko hiriburua den Santa Fe, ustez Oñatin jaio zen Cristobal de Oñateren ondorengo batek fundatu zuen, Juan de Oñatek, hain zuzen. Horregatik, bi herrien arteko adiskidetasun harremana sortu zuten duela urte batzuk eta gaurkoan adiskidetasun hori sustatzera etorri dira Oñatira.

35 lagun inguruko taldea etorri da Oñatira eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle bat dute gidari. Hauxe esan digu Francis Levin New Mexikoko Historia Museoko zuzendariak: “New Mexikoko museoko kideak dira etorri direnak eta interesa dute Oñatiko eta Euskal Herriko historian.”

Hemengo historiarekiko interesa zergatik duten? New Mexikon arbaso euskaldunak dituzten pertsona ugari daudelako eta eurenean ere euskal komunitateak daudelako. "New Mexikon jende ugari dago arbaso euskaldunak dituztenak eta gure estatuan euskal komunitate asko daude baita ere" esan du Levinek.

Oñatin harrera egin diete udaletxean Santa Fe hiritik etorritako bisitari taldeari, opari trukaketa egin dute, eta ondoren, bisita gidatua izan dute turismo bulegokoen eskutik.

Joan zen egubakoitzetik daude Euskal Herrian Santa Fe-koak eta momentuz Bizkaia inguruak ezagutu dituzte. Gaur Oñati bisitatu dute eta ondorengo egunetan Gipuzkoan barrena bidaiatuko dute. Hilaren 11ra arte egongo dira gurean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak