Txantxikuari herriko plazan ongietorria eman eta gero, danbor hotsekin hasi zituzten beste behin ere oñatiarrek San Migel jaiak. Aurten gainera ia bikoiztu egin da parte-hartzaile kopurua, ohiko lau konpainiei Txosna Batzordearena gehitu zaie-eta.
Dena dela, ez da hori izan jaietako nobedade bakarra. San Migelek aurten dukearen etxeko edo Lazarraga jauregiko lorategia ezagutzeko aukera eskaini dute. Udal Bandaren kontzertua udaletxeko arkupetan egin behar izan zen, baina lorategia zabaldu egin zen eta herritar dezente gerturatu zen orain arte herriarendako itxita egon den berdegunea ikustera.
Nobedade gehiagorekin jarraitzeko, atzo lehen aldiz herriko jaioberriei omenaldia egin zieten. Osoko bilkuren aretoan goraino bete zen eta udal ordezkariak eurak ere harritu egin ziren deialdiak izandako erantzunarekin.
Hurrengo asteburuan gehiago
Egubakoitzean hasi eta domekara arte parrandaz parranda ibili dira oñatiarrak. Horren adierazle zapatu goizean txosnetan ateratako gaupaseroen argazkia, ikaragarri jendetsua. Astean zehar orain indarrak hartzeko aprobetxatu beharko dute hurrengo asteburuan atzera ere parrandara itzuliko dira-eta. Errosaixo bixamona urruti dago oraindik.