20:00tan da hitzordua. Kanpandorreko erlojuak zortzi kanpai jotzen dituenean, Txantxikua jaitsiko da txosnagunera, San Migel eta Errosaixo jaiei hasiera emateko. Aurten bi asteburutan ospatuko dira jaiak eta berritasun bat baino gehiago egongo dira. Gaurko Goienan datorren gehigarri berezian dituzue berritasun horiek nabarmenduta, baita egitarau osoa ere.
Zapiak eta sarrerak salgai
Bestalde, salgai daude aurtengo jaietako zapi gorriak eta baita herri bazkarirako txartelak ere. Zapiak kultura etxean daude salgai, euro baten, 16:30etik 20:30era. Herri Eguneko herri bazkarirako txartelak, bestela, kultura etxean ez ezik, Izarraitz, Arrano, Antton eta Olakua tabernetan ere badaude salgai, 19 eurotan. Aurten ere paella jana egingo dute txosnagunean Errosaixo Bixamona egunean, eta horretarako txartelak ere salgai daude Ona, Arrano eta Boga tabernetan.
Horrez gain, urriaren 5ean, Soinuberbak izeneko ikuskizuna egongo da Zubikoan, Bertsozale elkarteak eta Lizargarate Trikitizale Elkarteak antolatuta. 17 lagun pasako dira oholtza gainetik. Sarrerak kultura etxean daude salgai 10 eurotan.
Erasoen aurrean, erantzun
Bestalde, jaietan ere eraso sexisten aurrean jarrera aktiboz erantzuteko deia egin du Udalak. Indarkeria sexistaren aurrean baliagarriak izan daitezkeen telefonoak jasotzen dituen txartela dator jaien egitarauan, eta hori moztu eta diru-zorroan gordetzeko gomendatu du Udalak.
Jaietan egongo diren aldaketak
- Azokak, egubakoitzetan. Jaiak tarteko, zapatuetan egiten diren ohiko azokak, egubakoitzera pasatzeko aukera eskaini die Udalak saltzaileei. Biharko, San Migel eguna, eta urriaren 6ko, Herri Eguna, zapatuetako azokak bezperan egingo dituzte.
- Plazako aparkalekua, itxita. Plazako aparkalekua itxita egongo da jaietan, barrakei lekua uzteko. Barrakak joan bitartean, Zubikoa kiroldegi aurreko lur azpiko aparkalekua zabalik egongo da, doan izango da.
- Zinemarik ez. Asteburu honetan eta hurrengoan, ez da zinema eskaintzarik egongo. Urriko bigarren asteburuan itzuliko da nagusiendako eta umeendako ohiko zinema eskaintza. Zine kluba, berriz, urriaren 11n hasiko da, jaien osteko lehen eguenean, Moonrise Kingdom da lehen filmaren izena. Ordua betikoa, 20:00ak. Aurten 24 urte beteko ditu zine klubak.