Bergarako gaztetxean jarri duten Lourdes Idoiagaren argazkia eta haren kontrako pankartaren aurrean, erabateko babesa erakutsi zuen udalbatzak atzo, eguena, iraileko ohiko osoko bilkuran.
EAJko zinegotzi eta alkate ohi Idoiagaren argazkiaren ondoan, Zu zara erraustuko dugun 1. zaborra irakur zitekeen pankarta jarri zuten Bergarako gaztetxean eta hori salatzeko mozio bateratua aurkeztu zuten Bildu eta EAJ alderdiek atzoko osoko bilkuran.
Ainhoa Galdos EAJko zinegotziak irakurri zuen mozioa: "erabateko gaitzespena adierazten dugu, ustez gainditutako garaien itzala gaurkotzen duelako, iraingarri eta mehatxatzailea delako, eta herriko ordezkari baten kontra egiteak larritasun berezia duelako bere baitan, demokraziaren muina ezetxi egiten duelako. Beraz, ordezkatzen dugun herriaren izenean eta baita gurean ere, babesa eta laguntasuna adierazten diogu Lourdes Idoiagari".
Mozioa irakurri aurretik eta ostean, eskerrak eman zien Galdosek Bilduko zinegotziei, "babesa eta elkartasuna" emateagatik. Mikel Biain alkateak gaineratu zuen jarrera hori onartezina dela, "irain eta mehatxutzat hartzen dugu guk ere, eta gaitzetsi egiten dugu erabat".
Atzoko osoko bilkurara herritar asko joan ziren Idoiagari babesa emateko. "Horrelako egoerak kaleratu egin behar dira, eta salatzera etorri gara", adierazi zion GOIENAri Mikel Iturrospek, Oñatiko Uri Buru Batzarreko presidenteak.
Preso gaixoen alde
Bestalde, gaixo dauden presoen eskubideen aldeko mozioa ere onartu zuen udalbatzak, mozio bateratua hori ere. Horrela, gai horren inguruan Udalak duen kezka agertu zuten zinegotziek, eta eskatu "nazioarteko eta Espainiako legedia oinarritzat hartuta, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 13 presoen baldintzapeko askatasuna, beharrezkoa duten tratamendua baldintza egokietan jaso dezaten". Horren berri Madrileko Barne Ministerioari eta Kartzela Zaintzako epaileari bideratzea ere onartu zuten.
Osoko bilkurako beste gaien artean, azoka eta kiroldegiko plaka fotovoltaikoen proiektua bertan behera uztea onartu zuten, horren berri herritarrei zuzenean, bilera batera deituta, ematea adostuz.
Jaietako zapiak lepoan zituztela hartu zituzten erabakiak atzo zinegotziek eta osokoa bukatu zenean, jaiak ondo pasatzeko opa zien alkateak herritarrei.