Lorategi noblea Oñatirendako

Leire Kortabarria 2012ko irailaren 29a

Martinez de Irujo familia noble ezaguneko seme-alabak umetan Oñatin uda asko pasatu izandakoak dira, Lazarraga etxean, Oñatin dukearen etxea gisa ezaguna. 50eko hamarkadan, haien oporretako etxea zen, eta atzealdean dagoen lorategi ederrean askotan jolastutakoak dira.

Baina lorategia hori baino zaharragoa da: haien birraitonarena, Francisco Javier de Artazkoz  Urdinolarena (1855-?) zen etxea, eta hark hasi zuen lorategia 1907 inguruan. 

Bada, urritik aurrera, betidanik pribatua izan den lorategi hori oñatiarrendako zabalik geratuko da. Hitzarmen hori sinatuko dute gaur, egubakoitza, dukeak eta Mikel Biain alkateak. Hori ospatzeko, bihar, zapatua, San Miguel eguna, Oñatiko bandak kontzertua egingo du lorategian, 13:00etan. Gero, berriz itxi egingo dute, jendearendako egokitzeko: besteak beste, zuhaitzak txukundu, banku batzuk ipini eta lorategiaren hormak duen sarrera eta hiru arku itxi egingo dituzte txapekin. Izan ere, lorategiaren ondoan Lazarragako lehengo ortua dago, eta horrek pribatua izaten jarraituko du.

Lasaitasunerako parkea

Lazarraga etxeko lorategiak jendearendako zabaltzea oso gertaera garrantzitsua da Oñatiko herriarendako. Horregatik, ulertzekoa da bi aldeen poza. Batetik, Mikel Biain alkatearena: "Udalean sartu ginenean hasi ginen gestio batzuk egiten, etxearen egoera zein zen jakiteko. Tokatu zen iazko abuztuan hil zela nagusia, Ignacio Martinez de Irujo, eta hortik aurrera harremanetan jarri ginen semearekin. Bere jarrera, hasiera-hasieratik, oso ona izan da". Beste honakoa gaineratzen du: "Lorategia dagoen lekuarengatik, guretako gauza handia da hori herriak disfrutatu ahal izatea". 

Kontratua sinatuko dute Udalak eta dukeak, eta lorategia erabiltzeko modua jasoko du horrek. Besteak beste, ordutegi bat izango du –09:00etan ireki eta eguzkia ezkutatu baino ordu bete lehenago itxi–, eta lasaitasunerako parkea izango da, hau da, ezin izango da bertan bizikletaz edo patinaz ibili, baloi-jokoak egin edo antzekoak.

"Nire etxe nagusia izango da" 

Jabea, Carlos Martinez de Irujo, Sotomayorko dukea, oso pozik dago. Honela esan dio Goienari: "Oñatiko erdigune osoa Monumentu Multzo izendatu duten honetan, niretako ohorea eta harro egoteko modukoa da nire lorategia multzo horretan egotea, herriarendako". 

Izan ere, dukeak duen adin ingurukoak diren oñatiar asko akordatuko dira bere familiarekin etortzen zenekoa. Berak ere ez du Oñati saltzeko: "Umea nintzeneko zati handi bat eman dut Oñatin; lau hilabeterako etortzen ginen. Denetik egin dut: San Inazio egunean Urbiara igo, txorimalo eta erraldoi jantzi, kaleko jaiak antolatu… Nire umezaroko oroitzapenak Oñatikoak dira, eta nire zati bat da". Sotomayorko dukeak Goienari esan dionez, bihar, zapatua, ekitaldia jarraitzeko asmoa du: "Bai, horixe; hantxe izango naiz, bandari entzuten". Joan den domekan entseatzen ibili zen banda, eta dukeak eta zenbait lagunek primizian entzun ahal izan zuten biharko kontzertuko errepertorioa.

Dukeak Oñatiko etxea bere egoitza nagusi egiteko asmoa dauka. Honakoa esan digu: "Luzaroan ez gara etorri, senide batzuk gaixorik zeudelako eta etxe honetan bizi izatea oso zail zutelako. Orain, etxea oinordetzan hartu dut eta umezaroko oroitzapenen gogo guztiarekin nator. Etxeari astindu bat ematen nabil, gauzak konpontzen, Madrilgo etxetik gauzak ekartzen: liburutegia, artxiboak…"

Zaharrenak, 1907 ingurukoak 

Lazarragako lorategiko zuhaitz batzuk 1907 edo inguruan landatutakoak dira. Pagoak, Virginiako tuliperoa, gaztainondoa eta beste zenbait motakoak daude. Bi zumar handiren motzondoak besterik ez ziren geratu grafiosi izurriteak jo zituenean. Gainerako gehienak dukearen umezarokoak dira. Daudenak zaintzeaz gain, berriak landatuko dira. Dukeak hauxe dio: "Batzuek diote zaharrak utzi beharko liratekeela, baina lehenengo landatu zituztenek hori pentsatu izan balute, gaur ez legoke lorategirik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak